Arrigorriagako Lonbo Aretoan, Jon Ander Urrestik Eukalyptus pieza egingo du larunbatean, 19:30etik aurrera.
Jon Ander Urresti aktoreak Durangoko Azokako bosgarren Sormen Beka irabazi zuen duela bi urte Eucalyptus izeneko proiektuarekin. Aktoreak Durangoko Udalak babestutako 15.000 euroko diru-laguntza jaso zuen, eta urtebeteko epean proiektua gauzatu zuen.
Beka irabazi zuenenean epaimahaiak honako hau esan zuen: “proiektuak lehenengo kolpean ezustea, ezinegona eta harridura sortu zigun. Eukaliptoaren zabalkundearen metaforarekin harilkatu ditu egileak gogoeta berean monokultiboa, faxismoa, eta egun gure jendarteak kolpatzen dituzten kezka sozialak eta erronkak. Hain zuzen ere, planteamenduak guregan sortu duen mugimendu hori publikoarengan ere sor lezakeelakoan gaude. Funtsean, gaiaren originaltasunak arrastoa utzi digu: eukaliptusari emandako balio metaforiko aberatsak, eta bertatik abiatuta gaurkotasunari lotutako hainbat gai jorratzeko testuinguru berezia sortzeko gaitasunak”.
Antzezlan horretako protagonistak eukaliptoak dira: “Eukaliptoa aitzakia hartuta, gure lurren eta bizitzen kudeaketari buruz hausnartu nahi da, zalantzak sortu, nire ustez hau baita artearen funtzioa. Gure inguruarekin erlazionatzeko dugun moduak gure izaeraz, gure garaiaz, gure joerez eta gatazkez hitz egiten duelako; periferiako gai eta zalantzak plazan jarri nahi ditut, euren garrantzia politiko eta urgentziaz hausnartzeko asmoz. Beti ere hurbilketa garaikide batekin”.
