Dejabu Panpin Laborategiak Gure bide galduak helduentzako lan berria aurkeztuko du asteburu honetan, bihar, hilak 16, Zornotza aretoan, 21.00etan, eta etzi, hilak 17, Luhusoko Harri Xuri kultur gelan, 20.00etan.
Bost aktorekin eta zuzeneko gitarra doinuekin onduriko obra honek Euskal Herriko gertuko historia hartzen da abiapuntu: Franco hil ondorengo lehen urteetan gertatzen da istorioa. Baserri girotik hirira irakasle-ikasketak egitera doan Katalin protagonista nagusiaren hausnarketak dira obraren oinarri. Hala, Katalinek ikastolen mugimendua ezagutuko du hirian, eta horrekin batera mundu berri bat.
Urko Redondo, Miren Alkala, Maria Alonso, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga dira antzezleak. Bost aktore horiek antzerkia jolas bilakatuko dute eta ikus-entzuleekin partekatuko dute.
Dejabu panpin laborategiaren webgunean jasotzen denez, gaur egungo antzerkia sortzeko jaio zen taldea, “gure errealitate hurbileneko gaiei buruz hausnartzeko eta lengoaia berriak aurkitzeko. Txotxongiloek eta objektuek gure antzezlanetan aktorearen mailako garrantzia hartzen dute maiz, haiei esker gure bilaketa sorpresaz betetzen baita beti”.
“Herio Heroi” Donostian
Bihar, halaber, Metrokoadroka Kolektiboak Herio Heroi obra antzeztuko du 19:30ean Donostiako Ernst Lluch kultur etxean. “Etorkizuneko uneren batean hildakoek usteltzeari utzi diote eta senideek gorpuen kargu egin behar dute, haiekin elkarbizitza eginez. Zprist eta Gelnst anaia umezurtzek ezustean beren aitaren gorpua hartu beharko dute bere gain. Etortzear diren garai zaharren orainari buruzko komedia absurdua”. Aktoreak Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, eta antzezlanaren autore bera dira. Antzezlan honek, gainera, Cafe Bilbao saria jaso zuen 2009an, eta Artezblai argitaletxeak kaleratu zuen 2010ean. Zarauzko Euskalduna tabernan ere ikusi ahalko da hilaren 28an.
