Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2021eko Gure Artea Sarietako irabazleak nortzuk diren adierazi du. Aurten Dario Urzay, Damaris Pan eta Peio Aguirre sarituak izan dira.
Gure Artea Sariak Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diran saririk garrantzitsuenak, eta prestigio handikoak dira, izan ere, irabazle bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu.
Aurtengo edizioan Pello Irazu artista izan da epaimahaiaren buru, eta berarekin batera Alicia Fernandez, Ion Munduate, Mikel Onaindia eta Jone Alaitz Uriarte aritu dira.
Dario Urzay artista bilbotarrak 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala egin du arteetan, eta, beti izan du artearekiko konpromezua. Epaimahaiaren hitzetan, “esperimentazioari irekita, azaleren plastika eta horretarako teknikak ikertzen ditu bere artelanetan, inprimaketa fotografikoak, erretxinak eta bernizak baliatuz, pintura esploratzen du, mikrotik hasi eta makroraino, biologikotik geologikoraino, irudiaren eta prozeduraren arteko interakzioaren problematikari jarraipena emanez, ikuslearen begirada inoiz ere ahaztu gabe, obra artistikoaren eraketaren funtsezko elementua den neurrian”.
Damaris Pan artistak Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea da. Epaimahaiaren esanetan, Damaris Panen obra piktorikoa “pausatua da, planoak eta koloreak gainjartzeagatik berezia, eta umoretsua delako, itxurazko presentzia biluziaren atzean bere konplexutasun osoa ezkutatuz. Damaris Panek ihes egiten dio errepresentazio-asmoari, beste errealitate berrien bila ateratzeko”.
Eta Peio Aguirre idazle, arte-kritikari, editore eta erakusketen koordinatzailea da, bai eta artearen eta sorkuntzaren eragile nagusietako bat ere.