Ekainaren 12an antolatu da Durangon, Guk gEUre kulturaz ekimenaren II. topaketa, eta hala adierazi du ekimen horren talde eragileak, gaur goizean, Bilboko Kafe Antzokian egin den prentsaurrekoan.
Gotzon Barandiaranek aurrekariaren nondik norakoak eman ditu: “Joan den otsailean kulturan ari garen hainbat eragile kultural, kulturak gure herrian bizi duen egoera larriari buruz berba egiteko elkartu ginen, Durangon. 150 bat lagun guztira. Han bildutako ideia guztiak txosten batean laburtu dira, eta horretatik abiatuko gara premiazko neurriak hartu ahal izateko. Horrexegatik deialdi zabal egin nahi diegu sortzaile, kultur eragile, teknikari, musikari, idazle edota kultur sistema osatzen duen beste eragileren bati, kulturak gure herrian bizi duen egoera larriari guk geuk erantzuteko. Deialdi zabala denez, hemen ez dagoenak, nahi izan ez duelako da, geu ez baikoaz inoren kontra, guztion partaidetzak berebiziko garrantzia duelako”.
Hainbat gogoeta eta ekarpen biltzen dituen txostenean honako kezkak irakur daitezke: Kulturgintzaren artikulazioa edo geure buruaren antolaketa; sortzaileon baldintzak eta gure sorkuntzen egoera; komunikabideen garrantzia; euskara eta kultura; berrikuntza teknologikoak; hezkuntza eta kulturaren arteko harremana; ikus-entzule edo kontsumitzaileen garrantzia; eleaniztasuna; kulturarako oinarrizko eskubideen arautze legala, eta abar.
Hortaz, ekainaren 12an, ideia horien eta helduko diren beste proposamenen araberako lan-taldeak osatuko dira, neurriak hartu ahal izateko, Premiazko Neurrien Egitasmoa sortu arte.
Aurreko topaketen informazio osoa, ekarpenak on line egiteko ekintza proposamenen fitxa, eta ekainaren 12rako izena emateko modua Guk gEUre kulturaz ekimenaren blogean dago ikusgai.