Nontzeberri

Gosek bosgarren lana argitaratuko du laster

Arrasate Gose taldeak azaroaren 20an plazaratuko du gose IIII, taldearen bosgarren lana. Hirukotearen blogean irakur daitekeenez, dagoeneko grabaketa bukatu dute eta orain nahasketak egin beharko dituzte.

Diskoa Torrelodonesko (Madril) Estudios 54 izeneko estudioan grabatu dute, Juan eta Moli (SPAM) teknikariekin. “Hasieratik gose IIII disko berri hau gure ibilbidean ziaboga bat izatea nahi genuen, aldaketa bat. Horretarako argi geneukan kanpo ekoizle bat behar genuela, atzerritar bat. Baina guretzat funtsezkoa zen ingelesez hitz egiten ez duen atzerritarren artean bilatzea bidelagun berria, elkarrekin komunikatzeko arazorik ez izateko eta, nola esaten den pentsatu gabe, edozertaz hitz egin ahal izateko”.

Hori dela eta Madrilera jo dute SPAM-eko kideekin grabatzera. “Horregatik SPAM ziren gure zerrendan lehenak. Eta, nola ez, baita urtetan zehar bere lanen jarraitzaileak izan garelako ere. Ezagutu genituenean, argi eta garbi ikusi genuen beraiek izango zirela bilatzen genuen ekoizlea… ezin hobeak dira.”

Hala, behin grabaketa prozesua amaitu eta gero, nahasketekin ari dira egunotan. “Badirudi diskoaren nahasketak aste pare bat atzeratuko direla… Logistika arazoak, badakizue. (…) Beraz, azkar eta presaka ez egiteko, itxarotea erabaki dugu: abestiei arnasa hartzen utzi, portada eta diskaren diseinu guztia bukatzeko aprobetxatu, etab…”.

Exit mobile version