Sex Pistols punk banda mitikoak debekatuta zeukan kontzertuak egitea Ingalaterra osoan bere diskoetan jasotako koroaren kontrako irainen ondorioz. 1977an debeku horri muzin egitea lortu zuen. Hala, Ingalaterrako erreginaren izena zeukan itsasontzia alokatu, 200 lagun sartu, eta kontzertua egitea erdietsi zuten Tamesis ibaian.
Arrasateko GOSE taldeak antzeko zerbait egin du gaur goizean Bilbon. Ibaizabal itsasadarrean gora eta behera dabilen itsasontzian Bost izenburuko lan berri autoekoitzia aurkeztu du, laranjaren itxura duen diskoa, “borobila eta laranja”. Oraingoan ere kolore bakarrarekin jantzi dute diskoa, alegia, Mediterraneo aldeko fruitu zitrikoaren kolorearekin, disko hau aurrekoak baino “valentziarragoa” delako. Jokin Aspiazu taldearen lagun eta ekitaldi jendetsuko aurkezlearen hitzetan, “bakailao zaleagoa, makineroagoa”.
Soinu hori erdiesteko, hirukoteak estreinakoz jo du kanpoko ekoizleengana, Madrileko SPAM bikotearengan zuzentzen duen Estudios 54 estudioetara, hain zuzen ere. Bikote hori tekno soinuak grabatzen maisuak dira, eta ibilbide luzeko ekoizleak dira, Dover eta Fangoriarekin egin dute lan, besteak beste.
Hirukote gipuzkoarrak jo dituen kantuetan nabaria izan da kutsu elektronikoa. Dena dela, Monleon kantua ere jo dute, eta bals kutsua isurtzen zuen. “Patxangeroena da, baina diskoan dauden hamar kantuak, hamar single dira”, esan digu Ines abeslari eta triki jotzaileak umoretsu.
Diskoak bi harribitxi gordetzen ditu: batetik, DZ eta Patrol Destroyers musikariek egin duten Naizena Izateko doinuaren erremix-a. Euskaraz eginiko dubstep estiloko lehendabiziko kantua omen da. Kantu honen jatorrizko bertsioa EHGAM (Euskal Heriko Gay-les Askapen Mugimendua) elkartearentzat idatzi zuten. Bestetik, Iñaki (erritmoak eta sekuentziak) taldekidearen Bad-F-Line talde ohiaren Desolé kantuaren bertsioa ere bildu dute.
Inesek iragarri digunez, urtarrilera arte ez dute kontzertutik egingo, baina aurretik Durangoko Azokako Ahotsenea gunean izango dira abenduaren 8an, 13:30ean. Egun horretan, disko elektroniko honetako kantuak entzun ahal izango dira ordu erdiko emanaldian. Azokan, gainera, klip berria ere estreinatuko dute.