Nontzeberri

Gora euskal kantagintza

Mikel Markez eta Pako Aristi artistek sortu dute Gora euskal kantagintza gida hau 12 eta 16 urte bitarteko Gipuzkoako nerabeak musikaren kulturara hurbildu ahal izateko.

Kultura Eskola programaren barruan kokatzen da sorkuntza hau, eta bere helburu nagusia da “Gipuzkoako ikasleei kulturarako sarbide unibertsala bermatzea, eta gaztetxoenek sentsibilitate artistikoa izan dezaten eta artea estimatu dezaten sustatzea. Ekimenaren helburua publiko berriak sortzea ere bada, esperientzia horrek udalek eta elkarteek lurraldeko udalerri guztietan programatzen dituzten kultura-proposamenetan parte hartzera bultza dezan”.

Bi sortzaile horiek eginiko gidak euskal musikaren historian arakatzen du 14 kapitulutan antolatuta, eta horietan, “abesti tradizionalak, Ez Dok Amairu mugimendua, euskal rock erradikalaren gorakada, literaturaren eragina, bertsolaritza musikan, eta plataforma digitalen eta sare sozialen inpaktua” agertzen dira.
Egileen esanetan “38.000 urte dauzka euskal musika-tresnarik zaharrenak: Isturitzeko haitzuloan aurkitu zuten hezurezko flauta bat da. 1900. urtean grabatu ziren euskarazko lehen abesti eta testuak, Parisen ospatu zen Erakusketa Unibertsalaren aitzakian. Hori baino lehen, Iparragirre, Etxahun, eta beste asko izan ziren. Eta ondoren, 1960an, Michel Labegueriek eman zion hasiera euskal kantagintza berria. Eta haren atzetik, konstelazio distiratsu bat, milaka izarrez betea”.

Gora Euskal Kantagintza funtsezko baliabidea izango da aurrerantzean Gipuzkoako hezkuntzaren arloko kultura-eskaintzan.

Exit mobile version