Gonzalo Etxebarria (Bilbo, 1954) pintoreak Alderrai izenburuko erakusketa paratu du Durangoko Museoan, hilaren 31ra arte. Etxebarria margolari espresionista eta abstraktua da, baina baita erromantikoa ere.
Pintore bilbotarraren hitzetan, “oso Goya zalea naiz, gerra arteko pintore espresionista alemaniarrak ere asko gustatzen zaizkit. Egungo obra alemaniarra ere gustuko dut, haien tradizio piktorikoa beste modu batez, batez ere kolorea, landu duten gazteen lana”.
Honatx Joseba Sarrionaindiak Etxebarriaren obraren inguruan esandakoa: “Koadro bat pintatzea abentura bat da. Imajinatzen dut zuritasun huts bat ikusiko duela Gonzalok eta hutsune hori betetzeko sartuko dela Gonzalo barrura ea zer egin dezakeen. Koadroaren barruan berandutzen denean, Gonzalo galdu dela pentsatzen dute lagunek. Harik eta noizbait, koadroa formaz eta kolorez osatuta gero, zirrikituren batetik irteten den arte. Gonzalo ez da oso hiztuna, baina koadro bakoitza Gonzaloren abentura bat da, eta koadroak berak kontatzen dio abentura hori entzun nahi dionari”.
Etxebarriak bestelako diziplinak ere landu ditu, diseinuaren esparruan, batik bat: logoak, disko-azalak eta kartelak. Horretaz gainera, antzezlanetarako dekoratuak ere egin ditu.