Gaian jartzen badu gonbidatuak eta ezgonbidatua zerbaitegatik izango da.
Ez naz bertsozale amorrotua, baina bertsoek emozinaten nabe, bapatean botatako bertso eder bat izan liteke konpartitu ahal dan momenturik politenetakoa, ze entzuten dauanak zuzenean bizitzen dau lagunak doinuz eta berbaz azaldu nahi dauana. Urtean zehar ez dot ikusten “Hitzetik Hortzera” telebista saioa, eta sarri , munduko errespetu osoz, euskal kultura bertsoetara mugatzen dan sentsazioak itoten nau. Halan da be, neure utzikeria onartuta, bertsolariak eta bertso mundua neure kulturaren parte bat dala sentiduten dot eta mirezmenez onartzen dot jende asko sekulako beharra egiten dabilela bertso eskolekin eta bertso mundua sendotze lanetan.
Emozionaten naben bertsoetatik aparte, euskaren erabilera dala eta, bertsolaritza ezinbesteko erreferentzia da niretzat. Bizkaiko bertsolaritzak bizkaiera jantziaren errekuperazioan egiten dabilen beharra etorkizunean bakarrik neurtu ahal izango da. Berezko dogun hizkuntzatik ez bagara abiatzen euskara arrotz bihurtuko jaku, hizkuntza indartu beharrean ahulduko dogu. Bizkaieraz bertsotan egiteak frogatzen dau ahozko hizkera baturako zein erraz moldatu ahal dan. Euskara estandarrak oraindik ez deutsa mendebaldeko hizkerari ekin eta euskal hiztunen ia erdiaren berezko hizkuntza erabilera: lexikoa, esamoldeak, morfosintaxi hainbat atal eta sustraitutako maileguak batuak ez dauz jaso.
Bueno betiko alperriko diskurtsoa…, arrazoiak arrazoi bertsolaritzaz gogoeta egitean, mundu horretatik kanpo sentitu arren, deutsedan mirezmena aitortu beharrean sentiduten naz. Horregatik sufriduten dot sarritan ikusita ze exigente bihurtu ahal garan bertsolarien beharra baloratzean, itxuraz bertsoa perfekzio matematikoaz neurtzen da, badirudi bertsolaritzaz gabilzala zientzia kuantikoaz ari garela ze bertsolariei eskatzen jakena ez da beste inongo alorretan ikusten. Berez euskaldunon izakeran lehia ezinbestekoa bada be, niretzat sortze mundua lehiaz haratago ulertu beharko litzateke. Antzerki obra bat, edo kanta bat gogoko izateko ez da beharrezkoa ziurtatzea egile bat bestea baina hobea dan ala ez. Bertsolaritzan, ostera, ziklistekin lez gertatzen da, etapa osoak ez daukala metara aileagatu osteko sailkapenaren balioa, baina bertsolaritza lehia ala sormen lana da?
Dana da mediatikoa, beharbada hainbesteko lehia izango ez balitz denek ez leukie edukiko aukera berak, doinuak ez litzatekez berrituko, bertso zailenak ez leukiez erabiliko, tradizioa eta berrikuntza ez litzaketez uztartuko, eta azken finean bertsolaritza ahulduko litzateke. Baina ze prezio ordaindu behar dabe bertsolariek? Atleta profesionalek lez Euskadiko Txapelketan parte hartzen dauanak behin, fenómenoa ez bada, oso gaitz dau hurrengoan parte hartzeko, itxuraz txapelketak gazte kontuak dira. Ez dogu bertsozaleok 50 urtetik gorako bertsolariez gozatzeko eskubiderik Euskadiko Txapelketa batean, igual horretarako daude bertso afariak, tira…
Uste dot beste bertsozaletasun bat bultzatu beharko gendukeala, lehiakortasunean ez hainbeste zentratua, batez be lehiakortasunaren parametroak mekanikoak direnean, kuantikoak ez esateagatik. Gaur arratsaldean Interneten bidez jarraitu dot Murgian antolatutako Euskadiko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren kanporaketa (final aurrekoaren aurrekoa uste dot) eta harrituta utzi nabe saioa aurkezten ebenek. Uste dot bertsoak aurkezterakoan baikortasunetik eta sormena ahalik eta zehatzen azaltzetik eskeini behar direla azalpenak. Ezinezkoa begitantzen jat ezkortasunetik aurkeztea saioa, hau da, balorazioa egiterakoan huts egitetik abiatzea. Simplea badirudi be, boteila erdi hutsik ala erdi betea ikusteak, errealitatearen ikuspegi ezkorra ala baikorra aukeratzeak, balorazioaren nondik norakoaren barri emoten deusku, ezinbestean konpromizo bat, inplikazino bat azaltzen dogu. Norbait bazkaltzera gonbidatzen bada, hainbeste iluzioz sukaldatutakoa aitzakiz, imintzioz, gestu zatarrez errefusatzen badau, berba onak erabili arren, gure lanaren eta bestearen irizpidearen artean aukeratu beharko dogu (Sinestezina, gonbidatu dot eta bere amak etxean egiten deutson zapore berberagaz ez dodalako egin, dana janda be, jatekoa ez dagoela ona esan deust). Ez dot ulertzen sortzaileen lana hain ezkor eta zital baloratzea legezkoa danik, bapatekotasunak daukan mugak lehia kontua izango balitz lez planteatu, eta ehundakako lagunen aurrean bapateko lana balioztatzeko irizpide mekanikoekin txikizioak egitea txarto begitantzen jata. Ziur bertsoak balioztatzerakoan baikortasunetik abiatuz aurkezle-adituak, erritmoa, doinua, berben aukeraketa, tradizioa, ikuspuntuaren trataerak , lehia isladatu ahal dauela gutxiespenik barik. Norbaitek esageratzen nabilela pentsaten badau hara kartzelako bertsoak botatzerakoan zuzenean bertsolarien lana aurkeztu eta baloratzen ebenek esandakoak:
-Beñat Gaztelumendik ongi egin du, baina gaia ”prest duzu dena, gonbidatuak falta dira” izan da (esango du bere kartzelako lanaren kontra jarduten dudala) ez du kontuan izan ama aipatzean ez dela gonbidatua; gainera, kopuruaz ere ez du erreparatu, gonbidatuak bat baino gehiago dira, bestela asmatu dudalakoan nago.
– Silbeirak ez du asmatu saioan zehar, saioan deseroso aritu da. Gustatu zait hasierako bertsoa, baina gero gehiegi luzatu da asmatzerakoan, elkarri begiratuta ez diogu ongi ulertu.
-Mendiluzek ere zerbait galdu du, aukeratu dituen bertso moldeek kalte egin diote, Mendiluzeren lana mokofinentzako da, zalantza txikia izan du bertso ebakeran, eten txiki bat ere egin du. Igor Elorzak eginiko lana gogoan eduki duelakoan nago, mikroistoria. Gainera gaiak gonbidatuak aipatzen ditu eta Aitorrek bakarrik bakarra aipatu du, ni gai jartzailea naiz eta gaia zuzenean ez betetzea zorrotz balioztatu behar dela uste dut.
-Aitor Agirrek orain arte la ona egin du, ea asmatzen duen halako kolpe bat ematen orain. Izan du halako gozamen bat, behar bada sakontasun pixka bat falta zaio, detaile errealak erabiltzea eskertuko nizkion, baina…
-Sustrai Kolinak ez du lan borobilik egin, ale on batzuk utzi ditu, seiko motzean oso ongi, zentratua. Zergatik egin zait bere kartzelako lana hain gozagaitz? Ez du asmatu, bertso batzuk ezin dira telebista izenarekin amaitu, joku polita heriotzarena, bertsoak ekarri ditu, baina ez du gozatu.
-Fredi Paia bera da saioa altzarazi duena, gustatu zaizkit puntu-erantzunak, zortziko txikia. Doinu aukeraketa ez du egokia egin Mendiluzerekin batera. Lehenengo bi bertsoak kartzelakoan gustatu zaizkit, satira moduan eginak ziren eta, hirugarrenean , ordea, frenadaz pasatu da.
Harrigarria begitantzen jata hain zorrotz irizpide ezkorrak ematea, beste modu baikor batean, ez hain mingarrian, iritzia eman litekeenean. Ez naz konforme baloratzeko erabilitako iritziekaz kenketan oinarritzen badira, gehiketan ere bakoitzak eginikoaren arabera irabazlea nor izan leikeen esan ahal bada, saio bukaeran irizpide beretik segidu dabe:
Gaurko sei bertsolarietatik bostek lortuko dute klasifikatzea, gaurkoan pisua ofizio lanetan egon da, puntu erantzunetan, eta Sustrai nagusitu da. Izenak ikusita final aurrekoetan gazteak izango dira, seinale ona da. Orokorrean saio ona izan da, ofizioetan erabakia. Silbeirak ez zuen bere burua bertsotako gaur, gainontzekoek aukera dute final aurreko txukuna egiteko. Izen handiak kanpoan geratu dira, baina bizilegea da, zazpi lekuak betetzeko gainontzekoak kanpoan geratu behar, bizilegea da hainbeste bertsolari on ditugu eta.
Esan beharrean nago gai-jartzaile naizen aldetik, bertsolariei kartzelako lanean gonbidatuak eta ez gonbidatua jarri badiete zerbaitegatik izango dela.
Gai-jartzaile hau Euskadiko Bertsolari Txapelketako kanporaketen ahotsa bada, bertso eskoletan lan egin beharko dabe bai, ze finalean 50 urteko bertsolaririk ez da ikusiko. Lehiaketak bertsolari helduak erretzen dauz. Gainontzeko alorretan gertaten ez dana pasaten da bertsolaritzan, urteetako jakituriak ez dauala bertsolaritza txapelketarako balio, zergatik izango ete da? Gonbidatuak bestela etorriko litzatekez entzutera?
Gonbidatuak eta ez gonbidatua.
