Nontzeberri

Gogoeta jauzilariak

Saiakera berri bat kaleratu du Alberdania argitaletxeak egunotan, Elena Martinez Rubio idazleak izkiriaturiko Bide bihurrietan. Gogoeta jauzilariak izenekoa.

Lana hamabi atalek osatzen dute, eta idazlea gai anitzez aritu da irakurlea hausnarketaren lurraldean murgilaraziz. “Saiakerako gogoetek jauzilari izaera dute. Haria hartu, utzi eta berreskeratu egiten dute, testuinguru eta garai desberdinetako beste hari batzuek jorratzen diren gaiei argia egin ahala. Eta gogoetak bihurriak ere badira lerro zuzenari ihes egiten diotelako.”

Saiakerak egiten dituen jauziek oinarri sendoa dute, eta ez dira ez hutsalak ez errazkeriaz eginak; aitzitik, begirada zorrotz bati zor zaizkio, zeina filosofia, historia, antropologia, politika, filologia… eta literaturaren arloko adibideez elikatzen baita.
Adi ibili beharko da irakurlea, “ezer ez doa esan gabe, ezer ez da jakintzat ematen. Izan ere, sasi argudioak arriskutsuak dira eta bidea ematen diote bidegabekeriari. Azken batez, nonahi eta noiznahi agerian utzi beharreko zentzugabekeria eta bidegabekeria horiek dira saiakeraren ardatza. Hala bada, irakurleak topo egingo du bertan gaitzetsitako emakume buruargiekin eta erbesteratutako moriskoekin, besteak beste, eta aukera izango du herritarren heriotzarekiko arrozteaz, taigako herrien gainbeheraz, Stalinen patriarkalismoaz, nazismoaren hutsaltzeaz, inperioetako gerrek eta kolonialismoak eragindako hondamendiez eta abarrez… hausnarketa sakona egiteko”.

Filosofia, historia, antropologia, politika, filologia eta literatura bezalako diziplinetatik elikatzen den idazlan honek dakarren bibliografia oparoari esker, irakurleak bere jakin-mina ase egingo du.

Idazleak beste saiakera hauek argitaratu ditu: Egun gorrietan. Sigi-sagako gogoetak (2021), Bidaia filosofikoak (2015. Euskadiko Sarietan finalista), Jactaos vosotros (2015), Un pensamiento a la intemperie (1999). Poesia ere argitaratu du: Vivíamos a la vuelta de la esquina (Pasaia Hiriko lehen saria 2010). Berria, Gara, Jakin eta beste hainbat euskal argitalpenetarako artikulugilea, irakaslea eta itzultzailea da.

Exit mobile version