Judas Arrieta artista hondarribiarrak sustaturiko programa honen bosgarren edizioa da aurtengoa. Bekak bi euskal artistarentzat bi hilabeteko egonaldia eskaintzen du Pekingo MA Studioak. Ekimenak euskal artea Txinan sustatzea du xede.
Parte hartu nahi duten euskal artistek edozein arte esparruko proposamenak aurkeztu ahalko dituzte urtarrilaren 30era bitarte.
Aukeraturiko bi artistek bi hilabeteko egonaldia, abuztuaren 1etik irailaren 30era, egingo dute Pekingo MA Studioan, eta egonaldi horren azken egunetan erakusketa bat onduko dute euren obrekin.
Orain arte, dozena bat euskal artistek jaso dute beka, hala nola, Isabel Herguera, Iñigo Salaberria eta Koldo Almandoz. Hain zuzen ere, Almandoz zinegile donostiarrak jaso zuen beketako bat, Ismael Iglesias pintore durangarrarekin batera.
Gogorotu, bestalde, Judas Arrieta (Hondarribia, 1971) manga artistak estudio eta erakusketarako aretoa egokitu duela Hondarribiko bakailao denda zahar batean. Lokala lau hilabetez egongo da zabalik, 2013ko martxora bitarte. Lokala bere ibilbidearen 20 urteurrenaren harira ireki du.