Gaur hasiko da Gutun Zuria jaialdia Azkuna Zentroan eta martxoaren 1era arte luzatuko da. Jaialdiak solasaldiari ekingo dio Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko hogei egilerekin baino gehiagorekin, eta horien ugaritasunak gaur egungo sorkuntzaren paisaia erakutsiko du. Aurten, jaialdiak, “aurre egin nahi dio gizartean sumatzen den goibelaldiari, eta baikortasunera gerturatu nahi du, literatura, arte eta pentsamendu-arloko sorkuntzaren bidez”.
Aurtengo gonbidatuen euskal egile dezentek hartuko dute parte, hala nola, Joseba Sarrionandiak, Maddi Barberrek, Miren Amurizak, Lizar Begoñak, Oihane Amantegi Uriartek, Miren Billelabeitiak eta Itxaro Bordak. Azken horrek, BBK Gutun Zuria Bilbao Saria jasoko du.
Jaialdira bertaratuko diren beste idazle eta aditu batzuk honako hauek izango dira: Leila Guerriero, Rodrigo Fresán, Sabina Urraca, Rosario Villajos, Carmen Estrada, Miguel Brieva, Mª Ángeles Fernández, Jairo Marcos, Lola López Mondéjar,….
Aurtengo jaialdiak “begirada baikorra eta munduari irekia proposatzen du, literaturaren, artearen eta pentsamenduaren bidez, literatura garaikideko izen garrantzitsuek eta gaur egungo narratibako ahots berriek osatutako programa baten bidez”.
Horretarako hitza, saiakera, edizioa, antropologia, soziologia, filosofia, kazetaritza, ikerketa, ikusizko arteak edo zuzeneko arteak lantzen dituzten egileak bilduko dira.
Goian aipaturiko euskal egile horiek hainbat saiotan hartuko dute parte. Adibidez, Joseba Sarrionandiak Oihane Amantegi Uriarterekin hitz egingo du Euskaraz tropikoetan izeneko saioan. Itxaro Bordak, Aurélia Lassaque okzitanierazko idazlearekin batera, “testuinguru globalean hizkuntza gutxituetan idazteak dakarren erronkari helduko diote”. Miren Amuriza eta Lizar Begoña ere elkarrizketan arituko dira “hizkuntzaren erabilera bereziei, harreman afektiboen joskera berriei eta mundu prekarizatu baten hondakinei buruz”.
Antolaturiko jarduera guztiak Gutun Zuria jaialdiaren webgunean kontsultatu ahal dituzue.
