Nontzeberri

Gizarte berri bat proposatzeko udako auzolandegia abiatu dute Bilbon

ColaBoraBorak KIT-KRAK izeneko udako auzolandegia abiatu du gaurtik hilaren 29ra bitartean gizarte berri bat proposatzeko xedearekin. Horretarako, hitzaldi eta mahai-inguru formatuko jardunaldiak egingo dituzte Deustuko Itsasadarrean dagoen Zawp Bilbao lokalean.

Antolatzaileek ohar bidez jakinarazi dutenez, gaur egungo eredu sozial, ekonomiko eta politikoari buruzko analisi kritikotik, etorkizuneko aukerak irudikatu eta asmatzeko proposamen-sorkuntzara pasa nahi dugu, beti ere talde-lanean eta elkarri lagunduz”. Hala, ekimenaren lehenengo fasean esparru sozial, ekonomiko eta politikoaren analisi kritikoa egiteko jardunaldi irekiak atondu dituzte; parte hartzeko gonbita luzatu dute antolatzaileek.

Bihar, esaterako, bi hitzaldi izango dira 18:30etik 20:30era. Ekonomia feminista (Begoña Pecharroman Farapiko zuzendaria), eta Deshazkundea eta trantsizioan dauden hiriak (Desahazkundea). Etzi, berriz, beste bi izango dira: Lurraldea, hiria eta sormena (Adolfo Chauton Exterraeko kidea) eta 15M mugimenduaren atzera begirakoa (ekimenean parte hartu duten bertako kideak izango dira).

Ostegunean, azkenik, Open Space formatuko jarudnaldia egingo dute 10:30etik 18:00etara. Open Space taldean lan egiteko metodo bat da, sormenean oinarritzen da, eta haren bitartez proposamen asko sortzen dira. Gai hauek landuko dituzte: Nola prestatzen dugu KIT on bat KRAKari aurre egiteko? Zeintzuk jakintza, desira, tresna edo beharrizan partekatu nahi dituzu komunitatean?

Ekimenaren xehetasun guztiak, hemen.

Exit mobile version