Metrokoadroka kolektiboak laugarren urtez Gezi Beltzak tailerrak antolatu ditu Oiartzungo Ehuntze sormen espazioan. Aurtengoan, bi tailer jarriko dira abian: batetik, Hastapenak izenekoa, astean zehar; bestetik, urte hasieran, antzerki idazketari buruzko monografikoa, Paperetik gorputzera.
Hastapenak idazketa tailerra munduan murgiltzen hasi edo apur bat sakondu nahi duen jendeari dago zuzendua. Helburua gauzak probatzeko eta partekatzeko konfiantzazko giroa sortzea da, idazketa teknika ezberdinak ezagutzeko eta esperimentatzeko.
“Ez duzu inoiz idatzi, baina tentagarria egiten zaizu? Idatzi egiten duzu, eta tiraderatan pilatzen ari zaizkizu testuak? Probatu nahi zenituzke idazteko ariketa berriak?”
Tailer hau azarotik otsailera bitartean garatuko da, ostegunetan, hamabostean behin – Bertan izena emateko epea azaroaren 6an amaituko da.
Bigarren tailerra Paperetik Gorputzera idazketa tailerra da, eta bertan antzerkia, dramaturgia, gidoigintza, performancea, eta formatu hibridoak landuko dira. Berez, oholtzarako idazketan murgiltzeko edo sakontzeko laborategia da.
Urtarriletik martxora egingo da, larunbatetan, hamabostean behin. Bertako izen-ematea abenduaren 15a arte luzatuko da.
Oier Guillan izango da gidaria, eta idazle hauek master-classak eskainiko dituzte: Amancay Gaztañaga, Mikel Ayllon eta Yurre Ugarte.