Nontzeberri

Geuretik sortuak, sortzaileentzako laguntzak

Udalbiltza Partzuergoak Geuretik Sortuak proiektuaren baitan, “sormen, ekoizpen eta hedapen” bekak banatuko ditu.

Geuretik Sortuak proiektuak “euskal artisten sormena eta euskal herrietako historia eta idiosinkrasia uztartzea du helburu, elkarlan horretatik abiatutako euskarazko artea sortu eta hedatu dadin”.

Proiektuak ipuin, komiki, antzerki, edota zinemari buruzkoak izango dira. Ipuin luzeetarako gutxienez 30.000 karaktereko eta gehienez 40.000 karaktereko lanak bidaliko dira. Aukeratutako ipuin luzeak liburu bakarrean argitaratuko dira. Behin betiko ipuin kopurua, parte hartzen duten herri kopuruaren eta hauen tamainaren araberakoa izango da.  Komikiaren kasuan, gutxienez 15 orrialde eta gehienez 20 orrialde eduki beharko ditu lanak. Antzerki obrarako luzera librea izango da. Antzezlan horren aurkezpen zirkuitua areto eta eremu askotatik igaroko da. Eta film laburretarako lan bakoitzaren iraupena 20 eta 25 minutu artekoa izango da.

Sortzaileen xedea euskarazko artelan bat sortzea izango da. Ondoren, hedapen fasean, antzerki lanak, ipuin-bilduma, komiki-bilduma eta film laburrak proiektuan parte hartuko duten herrietan aurkeztuko dira. Hedapen faseko ekimenen formatua 2026a aurretik zehaztuko da sortzaileekin batera.

Baztertuak izango dira, espresuki, euskara hutsean ez diren lanak. Era berean, sexismoa, homofobia, arrazismoa edo beste edozein zapalkuntza mota sustatzen duten lanak ez dira onartuko.

Sorkuntzei dagozkien diru kopuruez eta abarrez: Udalbiltza.

Exit mobile version