Geuretik Sortuak proiektuak euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitua jarri du bidean, eta horri esker, astero izaten dira ikuskizunak han-hemenka.
Asteburu honetan Euskal Herriko geografian hiru ikusgarri antolatu ditu plataforma horrek. Hala, maiatzaren 25ean, Trapu Zikinak pieza egingo du Lore More antzerki taldeak, Tafallan. Maialen Diaz Urriza, Mikele Urroz eta Laura Villanueva aktoreek sortu eta antzezten dute pieza hori. Lanak errefrau bat du oinarrian: “Trapu zikinak etxean garbitzen dira esaten bada ere, herri garbilekuek, egun mutu dauden harritzarrek, bertze errealitate posible bat agerian uzten dute: trapuok kalean garbitzen zirela, alegia, bizilagun, senide eta lagunekin batera; intimitatearen ideia begi berriz aztertzen ahal dugu iraganeko ur horietan murgiltzen baditugu eskuak. Nola garbitzen dira lotsak utzitako orbanak? Eta indarkeriarenak? Zeri esaten diogu “zikin”? Zertaz hitz egin ahal da? Zer hitzekin? Gerraosteak utzitako pobrezia, adiskidetasuna, patroiaren bidegabekeria, maitasuna, lana eta etorkizunerako desirak gorpuztuko dira garbitzen diharduten emakume saldoan. Hotza eta zikineria izanen dituzte bidelagun; azken hauek ere badute zer esan bizi garen munduaz.”
Asteburuari begira, maiatzaren 27an, Harri Minak pieza ikusiko da Zumaian, eta 28an, Eresia lana, Ondarroan.
Agenda osoa hemen kontsultatu ahal duzue.