Nontzeberri

“Geu Afrikarrok” erakusketaren harira hainbat ekimen antolatu dira

Gasteizko Montehermoso kulturunean Geu Afrikarrok erakusketa dago abian. Horren harira, eta azken egun hauetan, zinemaz, estereotipoez eta kolonialismoaz hitz egingo da hainbat hitzaldi eta proiekzio nabarmenen bidez.

Lehenengo hitzaldia Francisco de Vitoria BHIko areto nagusian izango da, datorren ostiralean, 13:00etan. Begirada kolonialak, ikus-entzunezko baliabideak eta estereotipoak izenburupean, Miguel Fernandez Labayen, Tamara Moya eta Farshad Zahedi irakasle eta ikertzaileek ikus-entzunezko hedabideetan migratzaileei eta arrazializatutako pertsonei,…  nola begiratu zaien hausnartzeko gune bat proposatuko dute.

Arratsalde horretan bertan, 19:00etan, Alba Valenciano antropologo eta ikertzailea Desberdintasuna imajinatzen izenburupean, “bestea”-ren irudikapenaz arituko da, Hermic Films espainiar ekoizlearen filmen azterketaren bitartez.

Larunbatean, 19:00etan, Zinema Afrikarren Euskal Jaialdiarekin, Lina Soualemen Leur Algérie filma pantailaratuko da. Dokumental horrek, jaialdi askotan saritua, erbesterako bidaia eta zuzendariaren nortasuna jorratzen ditu bere familiaren historian zehar.

Aipaturiko jarduera horiez gain, Geu Afrikarrok erakusketa bisitatu ahal da. Gainera, bi bisita gidatu programatu dute aste honetarako. Lehenengoa asteazkenean izango da, 18:30ean, eta azkena larunbatean, hilaren 25ean, eguerdiko hamabietan.

Exit mobile version