Aurtengo Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia irailaren 28tik urriaren 1era egingo da Areetako Geltokia plazan eta 11 saio eta hainbat jarduera antolatu ditu.
Niamh Ni Charra biolin-jotzaile eta abeslari irlandarrak emango dio hasiera jaialdiari, Ibon Koteron albokari eta Xabi Aburruzaga trikitilariak lagunduta. Bigarren egunean, Jose Merceren txanda izango da. Egitaraua borobiltzeko, Souad Massi abeslari aljeriarra eta Kukai Dantza Taldea konpainiaren proiektu berria, Lotuneak, ikusi ahalko da Getxon. Kukaik zenbait artistaren laguntza jaso du, besteak beste Carlos Núñez, Maria Berasarte eta Iñaki Salvador.
Kontzertu horiez gain, beste zazpi emanaldi antolatu dira. Saioetan Aragoiko Trivium Klezmer hirukotea, Voces Navarras boskotea, Mara abeslari portugaldarra, Madrilgo Bruna Sonora taldea, Los Texmaniacs talde iparamerikarra, Nakany Kanté abeslari ginearra, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko hari-laukotea eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira.
Gainera, ohiko kale-banden desfileak Eskozia, Frantzia, Errioxa eta Getxoko taldeak bilduko ditu.
