Nontzeberri

Getxoko Folk Jaialdia gaurtik aurrera

 

Getxoko 30. Nazioarteko Folk Jaialdia gaur berton abiatuko da Ara Malikian biolin-jotzailearen presentziarekin, Areetako Geltokia plazan, 21:00etatik aurrera.

Ara Malikian biolin-jotzaile bikainak Sustraiak ikuskizuna aurkeztuko du Getxon. Lan honetan,  Erdialdeko Europako eta Ekialde Ertaineko musikak, Argentinako tangoa, flamenkoa eta txalaparta eta perkusio doinuak nahasten dira. Bere ondoan Fernando Egozcue eta José Luis Montón gitarra-jotzaileak egongo dira musika haizatzen. Ikuskizunean Oreka TXko txalapartariak eta Kalakan perkusio eta ahots hirukoteak ere arituko dira.
Baina hau baino lehenago Garikoitz Mendizabal txistularia arituko da euskal doinuak jotzen. Musikari gipuzkoarra bakarlari gisa aritu da ospe handiko orkestrekin, eta folk taldeekin (Korrontzi, Carlos Nuñez eta Kepa Junkera) ere jardun da.

Bigarren egunean, flamenkoa eta chill out musika nahasten dituen Malagako Chambao talde ospetsua arituko da.
Irailaren 6an Osibisa taldearen txanda izango da. Afrikako eta Karibeko musikak beste soinu batzuekin (rhythm and blues, rock…) nahasten dituen taldea da hau.
Eta saio nagusien eskaintza borobiltzeko, Capercaillie  taldea arituko da. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza Eskoziako banda honek musikaren munduan, eta arrakasta handia izan du beti.

Arratsaldeko kontzertuetan, euskal doinuak, Argentinako tangoak, Gaztela eta Leongo eta penintsulako barrualdeko musikak egongo dira Hexacorde & Vanesa Muela, La Niña del Caboren, La Bacanza eta Fernado Valsega & Exilio New Tango artisten eskutik.

Folk Getxo BBK jaialdian beste jarduera batzuekin gozatzeko aukera ere egongo da. Ohi denez, Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta egongo da, Munduko Eskulangintza azoka, eta Munduko Terrazako jaki exotikoak. 

 

Exit mobile version