Ikerketa eta ekoizpen artistikoa sustatzeko xedez, Getxo Kulturak Getxoarte beken zazpigarren edizioa jarri du abian. Guztira 15.000 euro erabiliko dira egoitza artistikoetan hiru ikerketa-proiektu gauzatzeko, eta proposamenak apirilaren 23ra arte bidali ahal izango dira.
Jasoko diren proposamenen artetik hiru aukeratuko dira ekainaren 1etik uztailaren 5era Romo Kultur Etxean antolatuko diren egoitzak egiteko. Epe horretan, hautatutako sortzaileek tutoretza-zerbitzua izango dute eskura. Sortzaileek proiektu bat, proposamen argitaragabea, aurkeztu beharko dute beka amaitu ondoren.
Diogun moduan, 15.000 euro bideratuko dira, eta beste 10.000 euro hiruren artean ekoitzi eta erakusteko aukeratuko den proiektua burutzeko.
Romo Kultur Etxean ere, urriaren 25etik azaroaren 3ra bitartean proiektu horien erakustaldia egingo da. Epai-mahaian Alicia Fernández Rekalde Aretoko zuzendaria eta Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria izango dira.
Jakingarri guztiak hemen.
