Nontzeberri

“Gesualdo WC Station” ikuskizuna, Arriaga Antzokian

Alex Gerediagak zuzendu du Carlo Gesualdo (1560-1613) konpositorearen proposamen eszenikoa: Gesualdo WC Station, apirilaren 11n, 19:00etan, Arriaga Antzokian estreinatuko dena. Bigarren emanaldi bat ere eskainiko da, hilaren 12an, igandean.

Tren geltoki bateko komunetan bizia hartzen duen Gesualdoren istorioa Arrate Etxeberriak, Txubio Fdez. de Jáureguik, Sandra Fdez. Aguirrek eta Aitor Borobiak gorpuztuko dute.

Carlo Gesualdo (1560-1613) konpositore italiarraren istorioa da oinarria. Antzerkiaren,  zuzeneko bideoaren eta kameren laguntzaz, izaera zinematografikoa ematen zaio ekoizpenari. Eta gainera, Basileako (Suitza) Voces Suaves taldeak zuzenean eskainiko du musika.

Piezak hauxe kontatuko du: “Denboran ahaztuta geratu den tren geltoki bateko komun bat: ispiluak, kabinak, komun-ontziak, azulejuak, argiak dir-dir; mendeak zeharkatzen dituen drama bat hasten da. Bost ahots a cappella durundi egiten ilunantzean, Carlo Gesualdoren lehen eta bigarren liburuetako madrigalak ahanzturatik ateratzen dituztela. Nota bakoitzak, etendako harmonia bakoitzak, konpositorearen tragedia ekartzen du gogora: jeloskortasuna, traizioa, hilketa. Beste aldean, trenen orroa, megafonia irteerak eta iritsierak iragartzen, ahotsak eta arimak igarotzen; jendetza joan-etorrian, eta hautatuak krimen izugarriaren lekuan barrentzeko atea zeharkatzen. Gesualdoren istorioak bizia hartzen du lau pertsonaien bitartez espazio dekadente honetan, non musika aitorpen bihurtzen den eta odola, memoria ezabaezin”.

Exit mobile version