Gerraren kontrako alegatua den Hemingway. Enviado Especial antzezlana Bilboko Pabellon 6 aretoan egongo da ikusgai urriaren 24an eta 25ean.
Hemingwayk berak 1937an Madrilen Espainiako Gerra Zibilari buruz hainbat egunkaritan egin zituen kroniketan oinarritutako lana da.
“1961eko uztailaren 2ko goizaldea da, eta gizon batek eskopeta gogokoena eusten du eskuen artean. Ordu beteren bueltan, Hollywoodeko pelikulak, Literaturako Nobel Saria eta abarrez beteriko bizitza bati amaiera emango zaio. Azken minutu hauetan, ordea, gizon honen pentsamendua beste leku batean dago, beste garai batean: Madrilen, 1937an, gerra zibil batean, bere artikuluek, bonbak Florida Hoteleko bere logelan erortzen ziren bitartean idatziak, munduari kontatzen ziotenean nola libratzen eta galtzen zen azken gerra erromantikoa”.
Hernández y Fernández antzerki konpainia da muntaia honen arduraduna. Mario Hernándezek hartu du testuaren zuzendaritza eta egiletza. Idazlearen kronikak erreferentziatzat hartuta, “collage bat erakusten digu, non egilearen ertz ezberdinak ezagutuko ditugun. Testu ahaltsuak egun haietako gordintasun guztia islatzen du, mina eta heriotza, biziraupenaren aldeko borroka, ikuslearen irribarrea ezabatzen ez duten pasadizo komikoak tartekatuz, baita unerik txarrenetan ere”.
Jose Fernández Nobel Saridunaren azalean sartuko da, Hemingway poliedrikoa gorpuzteko: ahoberoa, desegokia, bizizalea, egozentrikoa, zentzugabea, kontraesankorra, borrokalari antifaxista, gaixoa…
