Nontzeberri

Gerraren izugarrikeria, Iruñean, eta umorea aztergai, Bilbon

Iruñeko Karrikiri elkarteak eta dendak makina bat kontu antolatu ditu hil honetan. Horietariko bat gaur berton, hilak 15, aurreikusita dago: Nekropolia (Alberdania) liburuaren aurkezpena, Santi Leone (itzultzailea) eta Eneko Aizpurua (aurkezlea) lagunekin. Hitzordua, 19:30an izango da.

Santi Leonek itzulitakoari buruz hauxe esan daiteke: “Nobela autobiografiko paregabea da Nekropolia, XX. mendeko literaturaren maisulana. Eslovenieraz idatzia eta 1967an lehen aldiz argitaratua, 90eko hamarkadatik aurrera ezagutu zuen bigarren loraldi bat, italierara, frantsesera, ingelesera, alemanera, espainierara, katalanera eta finlandierara itzulia izan zenean. Liburu honekin, irakurlearen gogoa astintzen du Pahorrek, gerraren eta kontzentrazio-esparruen izugarrikeriak kontatuz, baina baita presoen elkartasuna eta gizatasuna agerian utziz ere. Bizirik atera denaren erru-sentimendua saihestu gabe, kontrara, bere gain hartuz, aurrera egiteko, irauteko, azken buruan bizitzeko irrika gailentzen zaio kontakizunari.”

Gaur ere, baina Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, Eztabaidak Literaturarekin XXI. mendean topaketaren barruan, Umorea eta ironia literaturan izeneko saioan hartuko dute parte Maria Eugenia Salaverri eta Pedro Ugarte idazle bilbotarrek.
Topaketan “umorearen presentzia literaturan, eta bizitzan oro har, aztertuko da eta nola bihur daitekeen tresna literario bat gehiago autoreek beren lanekin helarazi nahi duten mezua jendeari hurbiltzeko. Horretarako, ironiak bere literatur lanean duen presentziaz hausnartuko dute idazleek, baita umorea bere obraren osagai gisa duten erabileraz ere. Umorezko literaturak gaur egun duen egoeraz ere hitz egingo da”.

Exit mobile version