Nontzeberri

Gernikan, “Haziberri” jaialdia

Haziberri Gernikako jaialdiak hirugarren edizioaren ateak zabalduko ditu gaur, uztailaren 14an. Ekimena herri horretako Europako Herrien parkean egingo da, eta beste proposamen azpimarragarrien artean Jon Maiaren Kantu Bat Gara ikuskizunaren azken kontzertua hartuko du jaialdiak.

Programazio berean, Pitik eta Aiorak (Zea Mays) kontzertu akustikoa eskainiko dute, eta Eire taldea, Mogumbo Brass Band eta TPR DJa musika zabalduko duten taldeak izango dira. Aurten, gainera, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa dohainik bisitatzeko aukera ematen du kontzertuetako sarrerak, hortaz animo!

Baina diogun moduan, ekimenaren une hunkigarrienetako bat Jon Mayak sortuko du, Kantu Bat Gara ikuskizunaren azken kontzertua egingo baitu. Euskal Herri osoan oihartzun handia izan du Kantu bat gara ikuskizunak. Kontzertu horietan guztietan, euskal kulturako erreferenteak diren artistak izan ditu ondoan, esaterako, Itziar Ituño, Lucia Lacarra, Jagoba Arrasate, Amets Arzallus, Itziar Atienza, Xabier Amuriza, Joseba Sarrionandia, Mikel Urdangarin, Julen Gabiria, Leire Bilbao eta abar.  Izan ere, Maiak sortutako ikuskizuna ez da soilik kontzertu soila; beste mundu bat posible dela eta txarrenari onena ateratzea dira Jonen aldarrikapen nagusiak. Horregatik, Euskal Herrira bizitzera etorritako hainbat eta hainbat lagunek izan dute ahotsa bere emanaldi guztietan, jatorri afrikarrekoak gehienak.
Halaber, Jonek euskal kulturaren, historiaren eta identitatearen ikuspegi partikular bat zabaltzen du bere kantutegiaren bidez, hitzaren emozioa kantu bihurtuz eta publikoaren konplizitatea bilatuz beti.
Jon Maia bertsolari bezala ezagutzen dugun arren, urteotan hainbat talde eta abeslariren letragilea ere bada, eta kantu horien bidez bidaia bat proposatzen dute bere emanaldiek. Besteak beste, Negu Gorriak, Benito Lertxundi, Gari, Anari, Gozategi, Mikel Urdangarin, Ken zazpi edo Pirritx eta Porrotxentzat idatzitako kantuek osatzen dute bere zuzenekoetako kantutegia.
Izen handiko musikariz lagunduta dago Jon Maia, tartean ibilbide luze eta oparoko Gorka Hermosa soinujolea edo Pello Ramirez txeloan; gazteagoak diren Nacho Soto teklatuan eta pianoan; eta Nerea Quincoces perkusioetan eta ahotsetan.

Exit mobile version