Gernikako musikariek eta musikazaleek Lekuek Festibala ondu dute, hala, martxoaren lehenengo hamabostaldian hainbat kontzertu izango dira Bizkaiko udalerri horretako makina bat tokitan.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “urtean zehar Gernikan egiten diren dozenaka kontzertuen izaerari eutsi nahi dio”. Hala, urte osoan kontzertuak antolatzen dituzten lokaletan izango dira kontzertu horiek; tartean, Trinkete, Astra, Iparragirreren lokalak, Fiakun eta Lizeoa. Horrekin batera, jaialdiak izaera deszentralizatua duela iragarri dute, eta bere izaera aktiboa ere nabarmendu dute: “ez da erakusleiho hutsa”.
Emanaldiei dagokienez, askotariko artistak arituko dira Gernikan, martxoaren 9rik 16ra bitarte, gehienak Euskal Herrikoak: Esne Beltza, Audience, Mursego, Estricalla, Gari, Ruper Ordorika, Atom Rhumba, Bullerts Of Misery edo Dead Bronco. Kanpoko ordezkariak ere izango dira, hala nola, Marlango eta Aquarius Heaven.
Horrekin batera, filmen proiekzioak ere izango dira. Talde eta emanaldi guztien zerrenda, datak, ordutegiak eta bestelako xehetasunak: gernikakolekuek.com.