Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, Gerardo López de Guereñu sarirako III. deia egiten du, historian zehar euskarak Arabako gizartean izan duen lekua jakinarazteko.
Sari honetan modalitate bakarra onartuko da: “bideoan jasotzea lurraldeko lekukotasunak, kontakizunak, esperientziak, bizipenak, pasadizoak edo ipuinak, zeintzuek euskarak inguruan duen presentzia eta transmisioa erakutsiko duten, eta familian zein gizartean, auzoan edo ondoko herrian hartuta; bai eta herri atsotitz, joko, kanta edo tradizioak ere”.
Parte hartzaileak 12 eta 30 urte bitarteko pertsonak izango dira, bakarka edo gehienez hiru pertsonak osatutako taldeetan. Parte hartzaile edo talde bakoitzak bost bideo aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere.
Bideoak zerikusia izan beharko du Arabako Lurralde Historikoko euskararekin, eta nola ez, euskaraz aurkeztuko dira, gutxienez, 1 minutu, eta gehienez, 5 minututan eginak.
Sari ugari eta oso ezberdinak daude lanik onenentzat. Azaroaren 10ean bukatuko da lanak aurkezteko epea.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek bideoa aurkeztuko dute www.nibanaxarabakoa.com web orrian, horretarako eskuratu daitekeen inprimakiaren bidez, edo whatshapp edo telegram bidez. Bertan ere informazio guztia duzue.
