Maria Gimeno artistak Queridas viejas, la performance aurkeztuko du San Telmo Museoan otsailaren 19an, 19:00etan, Baginen Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketaren harira.
Performancean Maria Gimeno hiru elementuz baliatzen da: E.H. Gombrich-en eskuliburua, berak egindako emakumezko artistei buruzko informazioa duten orriak, eta aizto bat. “Labankadaz Gimenok bere orrialdeak sartuko ditu orain arte osatu gabe zegoen Artearen Historia horretan. X. mendetik XX. mendera arte, eta kronologikoki, 80 emakume izen baino gehiagorekin osatzen du eskuliburua performancean. Ebaketa bakoitzean, Gimenok azaltzen du emakume hauek nortzuk ziren, zein obra egin zituzten eta zergatik den liburuan haien presentzia ezinbestekoa kontakizuna osatzeko”.
Ekimenak “emakumeen gabezia zalantzan jartzen ez zuen Artearen Historiaren kontakizun hegemonikoa birplanteatzen zuten testu batzuen irakurketan datza”. Lan hori Madrilen aurkeztu zen lehenengoz jendaurrean 2014an, Conferencias Subversivas Queridas Viejas izenburuarekin. Orain, datorren otsailaren 19an, San Telmo Museoan ikusi ahalko da egungo formatuarekin.
Maria Gimeno (Zamora, 1970) Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Arte Ederretako Fakultatean lizentziatu zen 1996an. Diziplina anitzeko artista, bere Queridas viejas lana erreferentzia bihurtu da Artearen Historia berrikusteko esparruan, genero-berdintasunaren ikuspegitik. Proiektu horrek Mujeres en las Artes Visuales elkarteak ematen duen MAV 2020 Saria jaso zuen.