Gaztezulok antolaturiko III. Hi eta Hire Munduak Bideo Lehiaketak baditu saridunak. Xare Euskarazko Teknologia Berrien Azokaren baitan egin zen joan den astean sari banaketa.
Guztira, 30 lanek hartu dute parte III. Hi eta Hire Munduak Bideo Lehiaketan, eta proposamenetan, gazteek beren eguneroko bizitza, burutik pasatzen zaizkien ideiak eta dituzten ametsak eta gogoetak plazaratu dituzte modu bikainean.
Ateak lana suertatu da hirugarren lehiaketa honetako garaile. Ikasgeletan askotan gertatzen den gertaera bat kontatzen du, asperdura apurtzen duena. Zalantzak argitu nahi badituzue ikusi beheko bideoa.
Egileek 1.500 euroko saria eskuratu dute.
Bigarren saria, Koartadak lanak jaso du. Pisu batean bizi diren lau neska ezberdinen mobidak kontatzen dira. 500 euro poltsikoratu dute egileek.
Azkenik ikusleen saria ere egon zen: Bidea Sortuz. Testu ederrez eta irudi are ederragoz onduriko lan izan zen hau. Gaztezulo produktuez beteriko otarra dotorea eraman zuten.