Nontzeberri

“GazteDoku”, gazteei dokumental-proiektuetan laguntzeko programa

Bilboko Udalak antolatzen duen ZINEBIk GazteDoku abiarazi du, “dokumental eta ez-fikziozko proiektuen sorkuntzako lehen urratsetan dauden zinemagile gazteei zuzendutako programa berria”. Bere jarduerak Jaialdiaren 68. edizioan egingo dira, azaroaren 20tik 27ra bitartean.
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) laguntzarekin eta SGAE Fundazioarekin batera garatutako ekimenak 25 proiektu jaso ditu lehen deialdian, eta horietatik zortzi proposamen hautatu dira, lau Euskal Herrikoak eta beste lau Estatukoak.

GazteDokuk “parte-hartzaileei beren ideiak garatzeko, adituekin kontrastatzeko eta zinema-industrian lehen harremanak ezartzeko tresnak” eskaintzen ditu. Deialdia ZINEBIk gonbidatutako zinema-eskolen, ikus-entzunezko fakultateen eta prestakuntza-programen bidez bideratu da.

Programaren helburua entzuteko, trukerako eta ikaskuntzarako gune bat eskaintzea da, zinemagileek dokumentalgintzaren industriaren funtzionamendua bertatik bertara ezagutu dezaten. GazteDokuk gainera 3.000 euroko bi garapen-laguntza emango ditu, bata bertoko proiektu bati eta bestea Estatuko bati.

Exit mobile version