Urrira bitartean aurkeztu behar ziren proposamenak 14 urtetik 25era bitarteko gazteentzako Gazte Arte lehiaketan, eta proposamenak ikusi eta aukeratu ondoren, sormen prozesua lantegi irekien bidez ikusgai jarriko da eta burutako lanak erakusketa batean erakutsi ahal izango dira.
Bada, gaur bertan hasiko da ekimena. Anabel Quincoces eta Iñaki Larrimbe hautatutako artisten (Ariadna Chezran, Jon Gil, Julia Fernández-Marcote eta Jennifer Custodio) lanen tutoretzaz arduratuko dira. Prozesu hori Montehermoso Kulturunean egingo da abenduaren 21etik 30era bitartean.
Ariadnak Alétheia izeneko proposamena aurkeztuko du “latex likidoaren eta akuarelen edo pintura akrilikoen nahasketez egindako pieza bakarrak eta errepikaezinak sortzeko”.
Jon Gilek pintura eta eskultura nahasten dituen Aquí, ahora y eternamente proiektua aurkeztu du, “tradizio mexikarrean oinarritutako heriotzaren gaineko gogoeta” egiteko.
Julia Fernándezek manga estetikatik hurbil dagoen komikia aurkeztu du, androideak ohiko bizimoduan sartuz.
Azkenik, Jennifer Custodioren Recordis lana oroimenari eta oroitzapenari dedikaturik dago. “Bideo instalazio honek ikuslearen konplizitatea bilatu nahi du, obra eraikitzeko eskela txikien bitartez”.