Bere 60. urteurrena ospatuko duen Durangoko Azokak bere ateak zabalduko ditu gaur, hilak 5, eta abenduaren 8ra arte euskaldunon plaza izango da. Handik pasatuko dira maila eta diziplina guztietako sortzaileak, izan ere, bertan 1000tik gora nobedade aurkeztuko dira. Aurten bi gune berri izango dira Berbagailua eta Atartea.
Duela aste batzuk egin zen aurkezpenean, urteurrena ahotan hartu zuten: “Azkar esaten da, baina lan izugarria gordetzen da sei hamarkada hauen atzean. Atzera begirako nostalgian erori ordez, harro aldarrikatu nahi dugu gaur Durangoko Azokak izandako bilakaera eta pozik heltzen diogu aurrean dugun erronkari. Horregatik, prestaketen azken txanpan murgilduta gauden honetan, Durangoko Azokaren ateak zabaltzeko inoiz baino gogotsuago gaude”,
Aurten, Landako Gunean 285 erakusmahai ipiniko dira, eta 1026 kultur nobedade egongo dira kulturazaleen esku. Zenbakiak hauxek dira: 694 liburu, 163 musika ekoizpen, 30 aldizkari eta bestelako ekoizpenak 139 (fanzineak, audioliburuak, podcastak…). Horretaz gain, eta jarduera osagarri gisan, lan berriak aurkezteko 273 ekitaldi programatu dira.
Berrikuntzak ere izango dira, eta hala, aurten bi gune berri izango ditu Durangoko Azokak: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plaza).
Beste nobedade bat hauxe: azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango du, eta gauetan kontzertuak izango dira. Hala, hilaren 5ean Lukiek eta Ezezez taldeak arituko dira; 6an, Mirua eta Naxker. Egun horretan ere, Behe Bandakoen errezitaldia eta bostOK konpainiaren emanaldi bat ere egongo da iluntzean; 7an, Formol laborategiaren ikuskizuna izango da, eta Gaua filmaren emanaldia.
Egun guztietako egitarau osoa, azokaren web gunean kontsultatu ahal da.
