Lurralde Deserosoak gaiaren inguruan ardaztu dira Zenbat Gara elkarteak eta BIRAk antolaturik Oraina Kontakizun jardunaldiak. Urtarrilaren 28an hasi zen ekimena eta martxoaren 11ra arte luzatuko da.
Modu honetan azaldu dituzte antolatzaileek mintzagaiaren nondik norakoak: “Hausnartu egin nahi dugu munduan zapaltzen dugun zoruaz. Lurralde deserosoetan barneratzera goaz. Deserosotasuna espazio bezala. Eta horretarako talaia edo helduleku bana proposatu diegu: hemengotasuna/hangotasuna; gorputza; hitza; eta (in)koherentziak”.
Lehen saioan Itxaro Borda eta Xabier Aierdi bildu ziren, Ibai Atutxak gidaturik. Eta gaur, otsailak 11, bigarren saioa izango da, BIRAn, 19:00etatik aurrera. Bertan, Edurne Azkarate eta Leire Vargas bilduko dira, Gorputza gaiaren inguruan mintzatzeko.
Aditu horien atzetik, Eider Rodriguez, Amets Aranguren, Itziar Ituño eta Gorka Urbizuk gogoeta egingo dute Lurralde Deserosoez.
