Nontzeberri

Gaur hasiko da ACT Jaialdia

Gaur hasiko da Bilbon Nazioarteko Lan Laburren Antzerkialdia, ACT, eta larunbatera bitartean, Bilbon eta Barakaldon, hamabost antzezlan, hitzaldiak, topaketak, tailerrak eta Bosnia Herzegovina, Korea, Irak, Italia, Frantzia edo Euskal Herritik etorritako makina bat artistaren lanik ausartenak ikusteko aukera izango da.

Gaur berton iazko edizioan lan irabazlearen emanaldia programatu da, Igor Vrebac Bosniarraren Homo Sapiens antzezlana, eta horrekin emango zaio hasiera jaialdiari. Lan indartsu eta arriskutsu honek, nortasunaren alde pertsonal bat zehaztasun handiz erakusten du. “Homo Sapiens bakarkako antzezlan fisikoa da eta gizon arruntaren bilaketa bat irudikatzen du; gizonezko homosexual bakoitzaren baitan datzan homo sapiensarena, jendarteak kostata dakusana”.

Obra honen ostean, lan laburren lehiaketa hasiko da, eta horretarako oso ezberdinak diren bi proposamen ikusteko parada egongo da.  Alde batetik Jjbro konpainia korearraren The great man bakarkako lan dantzatua, eta Un hombre apunta a otro hombre con una pistola, Lástima Teatro konpainia bilbotarrarena.

Egunotan, Bilbon mundu osoko sortzaile eta programatzaileak batuko dira. Gaur egungo alor eszenikoa islatzen duen proposamen arriskutsu eta berritzaileez beteriko egitaraua ikusle ororen eskura jarriko da ACT jaialdiaren bidez.

Exit mobile version