Gorka Velascok egindako Gaur egungo BeHIak. Hezkuntzaz hausnartzen izenburuko komikia aurkeztuko dute igandean, apirilak 28, 13:00etan Basaurko Ariz Dorretxean, BasauriKOMIK azokaren baitan.
Komikia ez da nobedadea, baina azokaren antolatzaileek iragarri dutenez, “bere gaurkotasuna mantentzen du, errealitate gordinak areagotuta”. Komikiak institutuen egoera islatzen du bai grafikoki, bai poetikoki. Hezkuntzaren eta irakaskuntzaren inguruko gogoeta da.
Komikiaren egileak, izan ere, hezkuntzan egiten du lan, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, hain zuzen ere. Hortaz, hurbiletik ezagutzen duen errealitatea jaso du komiki-liburuan. Horretarako, prentsan agertzen komikien egitura erabili du autoreak, alegia, zinta grafikoak.
Biñeta horietan zuri eta beltzezko marrazki sinpleak bildu ditu. Dena dela, marrazkiek irakurketa asko dituzte, gutxienez bi: batetik, hasiera ikusten dena; eta bestetik, arreta handiagoko bigarren begiradan jasotzen dena. Berria egunkariko Pantxike Agirre kazetariaren esanetan, “marrazki xumeak, baina aho bikoak, irakaskuntzaz hausnartzeko”.
