BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian ikusi genituen filmik ederrenak, 2025ko Mendi Tour zirkuituari esker, Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira ikusgai otsailaren 17ean, 18an eta 19an, Donostia Kulturaren, eta Club Vasco de Camping Elkartearen eskutik.
Mendi Tourra mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinema ziklo ibiltaria da. Urte osoko ibilbidea osatzen du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren azken edizioko pelikula onenekin. 2024ko jaialdiak sarituak eta hautatuak izan ziren eskalada, alpinismoa, mendi lasterketak, muturreko eskia, edo dantza bertikalari buruzko lanik ikusgarrienak ikusteko abagunea izango da.
Gaur berton bi film eder ikusteko aukera izando du zaleak: Jamie (2023, Darcy Hennessey) 2024ko MF-eko film labur onena, eta The Last Expedition (2024, Eliza Kubarska) 2024ko MF-eko mendiko film onena.
Jamie Logan, 70eko hamarkadako alpinista erreferenteetako bat, Ipar Amerikako ibilbide gogorrenetako batzuetan lehen igoerak egin zituen. Baina Jamie Loganek emakume gisa bizi nahi zuen, eta 69 urterekin hasi zuen eraldaketa. Orain, 76 urterekin, Jamiek beste trans pertsona batzuei transmititu nahi die bizitza ederra izan daitekeela.
Eta Eliza Kubarska zuzendariaren The Last Expedition Wanda Rutkiewicz alpinistaren benetako istorioa kontatzen da. “Lurreko gailurrik garaienak igo zituen lehen emakumea izan zen, eta lehen poloniarra. Gizasemeen erreinu zen hartan sartu zen, mendi garaien giro gogorrean, eta garesti ordaindu behar izan zuen azkenean. Duela 30 urte desagertu zen. Haren gorpua ez zen inoiz aurkitu, monastegi budista batera erretiratu ote zen ere zabaldu zen. Wandak ahotsez grabatu zuen egunerokoan oinarrituta, filmak haren ibilbidea eta misterio hura aztertzen ditu. Reinhold Messner, Krzysztof Wielicki eta Carlos Carsolio mendizale entzutetsuen testigantzak ere biltzen ditu.
Hurrengo eguneko saioen gaineko informazioa: Mendi Tour