Nontzeberri

Gaur abiatuko da “Zinegoak” jaialdia

Zinegoak jaialdia otsailaren 18tik martxoaren 3ra arte luzatuko da, eta bere Sail Ofizialean 25 film luze pantailaratuko dira hiru kategoriatan banatuta: FIK, DOK eta KRAK. Film labur ugari ere egongo dira: guztira, mundu osoko 47 lan.

Zinegoakek genero-adierazpena landu nahi du aurten eta horrexegatik edizio honetako leloa Lumaz harro da, “Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazteko, eta lau haizetara zabaltzeko. Lumak indartsu egiten gaituelako” adierazi zuen Pau Guillen zuzendariak.

Jaialdiaren inaugurazioa gaur berton, otsailak 18, izango da, Arriaga Antzokian, 20:00etan, eta hor, Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzaile indiarrak edizio honetako Ohorezko Saria jasoko du. Atzo, hilaren 17an, BBK aretoan antolatutako proiekzio berezi batean, Rangayanen azken filma, Evening Shadows, pantailaratu zen, zuzendariaren parte-hartzearekin. Jaialdiaren lehenengo astean, otsailaren 18tik 24ra arte, jaialdiko pelikula guztiak proiektatuko dira Golem eta Bilborocken, eta BilbaoArten Zinegoakeko zertzelada bat ikusi ahal izango da, doako sarrerarekin.

Zineaz gain,  arte eszenikoek toki zehatza izango dute jaialdian. “Inaugurazio ekitaldian Elisa & Marcela antzerkiaz gozatu ahal izango dugu, A Panadaría konpainia galiziarraren eskutik. Horrez gain, otsailaren 24an, goizez, Xake Produkzioen Lur antzezlana egongo da, umeen transexualitatea modu hunkigarrian lantzen duen antzezlana”.

Horretaz gain, makina bat jarduera osagarri antolatu dira, hala nola, hitzaldi eta proiekzio bereziak, ZG Jardunaldi Profesionalak eta masterclassak, liburu aurkezpenak, eta abar.

Eta betiko legez, jaialdia behin amaituta, Zinegoakeko hedapena hasiko da. Euskal Herri osoko 44 udalerritan, 60 proiekzio antolatuko dira.

Informazio guztia: Zinegoak.

Exit mobile version