Nontzeberri

Gaur abiatuko da ZINEBI jaialdia

Gaur, hilak 21, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio-galarekin, Bilboko Udalak antolaturiko ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 67. edizioko ateak zabalduko ditu azaroaren 28ra arte. Inaugurazioan,  Pablo Berger zuzendari bilbotarrak Ohorezko Mikeldi saria jasoko du. Bergerrek “Filmografia koherente, arriskatu eta sakonki humanista baten egilea, tradizioa eta modernitatea, emozioa eta pentsamendua, umorea eta malenkonia uztartzen jakin du”.

Aurten, 44 herrialdetako 156 film programatu dira, eta horietatik 132 film laburrak dira, 6 metraje ertainekoak eta 18 film luzeak. Horietatik, 41 film euskal ekoizpenekoak dira: 33 film labur, 6 film ertain eta 2 film luze.

Aurreko edizioetan bezala, proiekzioak bi ataletan banatuko dira: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk. Lehenengo atalean Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa sartzen da. Bigarrenean, Beautiful Docs – Munduko Dokumentalen Panorama atala, dokumentalaren nazioarteko panoraman gertatzen dena islatzen duen lehiarik gabeko erakusketa; Bertoko Begiradak saila, Euskadin ekoitzitako film labur eta luzeek osatua eta euskal ikus-entzunezkoen industriako produktore, zinemagile eta profesionalen lana aintzatestera zuzendua; baita beste saio berezi batzuk ere.
Aurtengo sail ofizialak 33 herrialdetako 58 film bilduko ditu: 19 film fikzioak dira, 19 dokumentalak eta 20 animaziozkoak.

ZINEBIk azaroaren 28an emango du ezagutzera bere palmaresa, 83.000 euroko sariekin.

Beste hitzordu interesgarri batzuekin gozatzeko aukera izango da jaialdiak irauten duen bitartean, adibidez ZINEBI TXIKIk haurrei zuzendutako programa bat proposatuko du, Arriaga Antzokian eta Bilboko Guggenheimen ikusi ahal izango diren lau film txekiarrekin. Eta Zinebiskopio sail berriak zinema elkarrizketa sozialerako eta memoria kolektiborako tresna gisa aldarrikatuko du. Proposamen hau bost gai-esparrutan garatuko da: “komunitate georgiarra eta haren integrazio kulturala; artea eta zinema, gizarteratzeko eta belaunaldien arteko elkarrizketarako bitarteko gisa; ikus-entzunezko sorkuntza, gaixotasun mentalen aurkako babes gisa; memoria historikoaren berrikuspena; eta dokumentala, memoria kolektiboaren euskarri eta eraikitzaile gisa”.
BBK Aretoan egiten den saio bakoitzean, proiekzioak eta solasaldiak tartekatuko dira zinemagile, espezialista eta gizarte-eragileekin.

Exit mobile version