Nontzeberri

Gaur abiatuko da Ostera kultur festibala

Ostera kultur festibala gaur, urriak 3, abiatuko da Balmasedan, eta bertan egingo den solasaldiak Euskara Bihar: Nola kudeatu kultur aniztasuna? izango du hizpide. Boubacar Dioufek (Mbolo Moye Doole), Andrea Heuschmidek (Baskale), Xabier Aierdik (Begirune Fundazioa) eta Laura Penagos (Aktore kolonbiarra) adituek hartuko dute parte.
Musika ere presente egongo da. Lidia De Lorenzo flamenko dantza konpainiaren Sentimundua oholtzaratuko da, eta Janus Lester musikariak kontzertua egingo du. Eta bizitzari kantatzen dion Eidabe antzerki taldeak Gora bihotzak! Lana oholtzaratuko du.

Kultur festibalaren barruan hiru mahainguruz osatutako solasaldi-ziklo bat antolatu da. Euskarak alor ezberdinetan dituen erronken hausnartzeko baliatuko dira mahainguruak, eta diogun moduan, gaur izango da lehena, baina Ostera Kultur festibal ibiltariak Balmaseda, Arrigorriaga eta Abadiño herriak musikaz, mahainguruz, eta bestelako ikusgarriz beteko ditu urria eta azaroa bitartean, aurtengo edizioaren Euskaran mundu oso bat kabitzen da! leloaren bidez.

Antolatu diren beste mahainguruak honakoak izango dira: Arrigorriagako solasaldian, Euskara bihar: nola aktibatu erabilera? galderaren inguruan eztabaidatuko da; eta  Abadiñon, Euskara bihar: kulturgintzaren sustapena. Nola sustatu kultur-zaletasuna? gaiaren inguruan jardungo dira adituak.

Datozen geltokietan Gari eta Maldanbera eta Nogen taldeen kontzertuak programatu dira. Eta musikaz gain, Harrobi dantza bertikal konpainiaren Geu(re)ra ikuskizuna, Antton Telleria, Julen Portillo, Ane Goitia eta Maialen Sorozabalen bakarrizketa saioa, edo Iratxoen kantu sekretuak ikuskizuna ere antolatu dira.

Informazioa zehatzagoa nahi izanez gero, egin klik hemen.

Exit mobile version