Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren edizio berriak, Bilbo proposamen gazte eta berritzaileenen eszenatoki bilakatuko du urriaren 22tik azaroaren 2ra. Gaur berton, Arriaga Antzokian, 20:00etan, BADek eta Laurentzi Produccionesek ekoiztu duten Cuarteto del Alba lanarekin zabalduko dira jaialdiaren ateak; obra hori Carlos Gilenek idatzi du eta Lander Iglesiasek zuzendu.
BADek aurten hogei bat konpainiaren azken lanak ekarriko ditu, horietatik erdiak euskaldunak, eta talde hauek euren lanak estreinatuko dituzte: Metrokoadroka & J.B. Pedradasen Salto (euskaraz), Horman Posterren Magia Sinpatikoa dantza-performance eleanitza (euskaraz), Khea Ziaterren Not (never on time) eta Naiara Mendioroz & Javier Murugarrenen Bi – hots lanak. Guztira 14 estrainaldi izango dira, eta erreferentziazko zenbait artista ikusteko parada ere egongo da.
Italiako antzerki garaikideko artista garrantzitsuenetakoa den Pippo Delbono italiarraren Racconti di Giugno eta dantzaren berrikuntzan aditu Jérôme Bel dantzari eta koreografoaren Cedric Andrieux lanak eszenaratuko dira.
Kanpotik etorriko den Lagartijas tiradas al sol konpainia mexikarrak Montserrat bakarkako lana aurkeztuko du La Fundiciónen. Horrez gain, BAD-eko edizio honek, Olga Mesa eta Olga de Soto bezalako bi artistaren lana ezagutzeko aukera emango die Bilboko ikus-entzuleei.
BAD-ek oso ahalegin handia egin du eszenako ekoizpenari laguntzeko, jaialdian estreinatuko diren zenbait koprodukzioren bitartez. Laurentzi Produccionesen Cuarteto del Alba, Olatz de Andrésen El cielo ahora, Claudia Dias artista portugesaren Algo valioso se agota eta Sleepwalk Collective taldearekin ekoiztutako Domestica lanak dira.
Eszenaren atal honetaz gain, BilbaoArtek bideo-sorkuntza sekzioa jasoko du beste urte batez, ZINEBIrekin elkarlanean, dantza eta antzerki garaikidearekin erlazionatutako film laburrak eskaintzeko. Eta ohikoa denez, BAD ere prestakuntzarako eta profesionalen arteko esperientzien trukaketarako lekua izango da aurten ere, eta bertan mahai-inguruak, master class intentsiboak, topalekuak, tailerrak eta hainbat kontu programatu dira.
Jaialdia azaroaren 2ra arte ikusi ahal izango da jada ohikoak diren eszenatokietan, BilbaoArte, La Merced, Sala Rekalde, La Fundición, Muelle 3, Guggenheim Museoko auditorioa, Bilborock, Deustuko kiroldegia, Arriaga antzokia eta, berrikuntza gisa, Arriaga plazak Cielo Raso euskal dantza konpainiaren aire libreko inaugurazio lana jasoko du urriaren 22an, arratsaldeko 19:00etan.
Hau guztia, eta askozaz ere gehiago kontsultatu ahal duzue www.badbilbao.com webgunean, non, zer eta zein ordutan izango den jakin ahal izateko.
