Ataunen antzerkia maite dute eta Antzeztaun izeneko zikloa antolatu dute hil honetan.
Gaur berton, urriak 2, Eskolako atarian, 16:30ean, Aurkitu gabeko altxorra izeneko pieza egingo du Zirika Zirkus taldeak. “Niko da gure protagonista. Augusta Robusta pirataren liburua irakurtzen ari zela lokartu egin da. Niko lokartu eta berehala bere ametsetako pertsonaiekin topo egin du. Hemen nago. Augusta Robusta gaztea naiz! Agudo! Entrenamendu eta planaren prestaketa egingo dugu eta gero, aurkitu gabeko altxorren bila abiatuko gara”.
Urriaren 16an izango da hurrengo saioa Herri Antzokian, 22:00etan. Bertan Txalo Produkzioak taldeak (Zuhaitz Gurrutxaga, Nerea Gorriti, Iñigo Aranburu eta Oihana Maritorena aktoreak) Escape room egingo du. “Haurtzarotik lagunak diren bi bikotek hitzordu bat jarri dute elkarrekin escape room bat bisitatzeko. Escape rooma dagoen auzoan berriki zatikatutako gizon baten gorpua edukiontzi batean agertu da… Bildutako lau lagunek ondo pasatzeko jolas atsegin bat aurkitzea espero dute, euren adimena probatzeko eta barre egiteko hitzordu bat. Aldiz, gelan sartu eta atea hermetikoki ixten den unean bertan, atzerako kontaketa hasiko da: inork espero ez dituen gauza bitxiak pasatzen hasiko dira. Gelatik irtetea ez da ez erraza izango, eta jolasa bene-benetako infernu bilakatuko da, lau lagunen arteko adiskidetasuna mugara eraman eta kinkan jartzeraino”.
Azken saioa urriaren 16an izango da San Gregorioko frontoian, 17:00etan. Egun horretan Oihulari Klown taldeak Hau beroa! egingo du.
