Deabruaren Eskola elkarte kulturalaren babesarekin, Irati Jimenez kazetari eta idazleak Gaupasa Kluba estreinatuko du gaur berton, hilak 5, Katakraken, 20:00etan, Iruñaldiaren programazioaren baitan.
Gaupasa Kluba ikuskizuna Jimenezen lehen ipuin liburuan oinarrituta dago, datorren astelehenean, azaroaren 9an, Donostiako Udal Liburutegian Erein argitaletxeak aurkeztuko duena. Liburuaren beraren sorkuntza prozesua aitzakia hartuta, literaturaren sorkuntzaz hitz egiten duena, eta sorkuntza prozesu horrek eskatzen duen literaturaren zeremoniaz. “Liburua bera bezala, gauaren misterioari eta gauaren ministerioari buruzko ikuskizuna dela uste dut”, dio Jimenezek, “literaturari buruz zientifikoki edo akademikoki hitz egin beharrean, modu poetikoan eta magikoan hitz egiten duena”.
Hamaika narraziok osatzen dute Gaupasa Kluba (Erein, 2026) ipuin liburua. Idazlearen hitzetan, “badago Gabriel Arestiri buruzko ipuin bat, sinbolikoa edo fantastikoa dei dezakeguna, eta beste bat errealista baina ez erreala Luis Cernudari buruzkoa, eta western estiloko narrazio bat Eibarren gertatzen dena, eta Luziferri buruzko narrazio bat, deabruaren gaupasa bat kontatzen diguna”. Oso liburu zabala dela dio Jimenezek, “literatura oso gauza zabala izan daitekeelako, eta joera handiegia dugulako zabalera hori murrizteko, eta literatura estutzeko”.
