Erakusketa honen xedea gauak hiriaren iruditeri berri bat nola sortzen duen erakustea da, bere kode, esperientzia eta muga zehatzekin.
Beste hitz batzuetan esanda, gauak hiriaren pertzepzioa eta esperientziak nola aldatzen dituen jakinaraztea da, haren geografia eta metaforak nola berregiten dituen.
Hirietako gaueko paisaia ez da datorren egun berria prestatzeko edo haren zain egoteko tarte hutsa, aitzitik, gauean gaitasun berriak lantzen dira, beste egoera batzuk sortzen dira eta egunez ezagutzen edota kontuan hartzen ez diren ibilbideak abiarazten dira.
Hamabost artistak (Nan Goldin, Ignasi Aballi, Carlos Garaicoa, Massimo Vitali, Felix Gonzalez Torres, Carlos Pazos eta Juan Pablo Ballester eta abar) gauak hiriaren geografia, pertzepzioa eta esperientziak aldatzen dituen moduaren lekukotza emango digute.
Argazki, bideo, instalazio eta lan grafikoekin batera nobela zatiak eta pelikulen fotogramak egongo dira ikusgai. Hala, Gregory Crewdson-en Dream House (2002) serieko argazkiak, eta baita Begoña Zuberoren Cas & Gas serieko argazkiak edota Ergin Çavusoglu-ren Impasse (2003) eta Midnight Express (2008) bideoak ikusi ahalko dira, besteak beste.
Gazteizko Artium museoan duzue ikusgai Gauerdia hirian erakusketa martxoaren 27ra arte.
Artium-ek bidalita