Nontzeberri

“Gauekoak” eta “The Big Game”, astebururako proposamen koreografikoak

Xabi Bandiniren eta Arkaitz Minerren zuzeneko musika duen Jon Mayaren koreografia gaur, hilak 20, iritsiko da Zornotza Aretora. Beste aldetik, eta gaur ere, The Big Game aurkeztuko du Lokke-k Andoaingo Bastero kultura-zentroan, 19:00etan.

XVI. Dantza Zirkuituak bideratu duen Gauekoak koreografia Jon Maya dantzari gipuzkoarraren eskutik dator. Piezak hiru lagunen sorkuntza-prozesua erakusten du: dantzariak, musikariak eta abeslariak lantzen dutena.
Jon Mayak lagun maite eta bereziak batu ditu proiektuan. Gainera, eta aurreko lanekin alderatuta, Maya dantzari gisa izango da agertokian ikuskizun honetan. Hizkuntza artistikoen gurutzaketan eta sortzaile handien baturan (Arkaitz Miner, Mireia Gabilondo…) oinarritzen da proiektu berri hau, dantza, musika, abeste, ilustrazio, literatura eta abarri gauaren muinetik ekinez. “Gaua erori eta argi guztiak itzaltzen direnean, esnatu egiten dira arima batzuk. Pentsamendu eta gogoeta intimoenak biltzen dituen gauerokoa da ikuskizuna. Isil-hizketa intimo, goxo eta petsonala”.

Lokke-k aurkeztuko duen The Big Game XVI. mendeko xake bizidunak hartzen ditu inspirazio moduan gorputz tamaina duen xake koreografiko baten bertsio librea eta desplazatua sortzeko. 32 pertsonek parte hartzen dute proiektuan, jokoaren piezen kopurua.
“Proiektua gorputz horien bizikidetasuna eta mila eta bat mugimendu posibleen orkestazioa jolasean jartzen dituen sistema koreografiko baten eraikuntzan oinarritzen da”

Exit mobile version