Nontzeberri

Gauaren izpiritua “Bilbaopoesia” ekimenaren ardatz

 

Atzo goizean aurkeztu zen Bilbaopoesia literatur jaialdiaren aurtengo edizioaren gai nagusia Gaua izango da. Jaialdiko jarduerak datorren asteazkenean, urriaren 14an hasiko dira (Gabriel Aresti jaio zen egunean), eta urriaren 23ra arte luzatuko dira.

Bilbok urtero poesiarekin duen Bilbaopoesia topaketa hamar egunez luzatuko da, eta programazioaren barruan kontzertuak eta errezitaldiak antolatu dira.
Datorren asteko asteazkenean zabalduko dira ateak, Gabriel Arestiren Egunaren ospakizunarekin. Egun horretan, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola eta Arantxa Urretabizkaia solastatuko dira Jon Kortazar katedradunaren agindupean. Adiskidearen memoria izenburupean, hirurek Arestiren gaineko oroitzapen ezberdinen atalak ekarriko dituzte. Bertan ere poeta bilbotarraren zenbait poemaren deklamazioa entzuteko parada eskainiko da.

Hortik aurrera puntako idazleak bilduko dira elkarrizketa poetikoetan zein errezitaldi berezietan. Urriaren 15ean, Clara Janések eta Zéno Bianu frantsesak parte hartuko dute hitzaldi-errezitaldi batean. Hurrengo egunean, urriak 16, Hitzak gauean ekitaldiaren barruan, Miriam Reyes eta Yolanda Castaño galiziarrak, Sholeh Wolpé irandarra eta Miren Agur Meabe lekeitiarra elkarrekin izango dira.

Musikarekin bat eginez, Rafael Berrio kantautorearen kontzertua izango da urriaren 17an; eta, 19an Antonio Colinas poetaren eta Lina Tur Bonet biolin jole ezagunaren arteko topaketa musikala antolatu da.
Musika eta poesiarekin jarraituz, urriaren 20an, 2004an Poesia Sari Nazionala irabazi zuen Chantal Maillarden lanean oinarritutako Matar a Platón en concierto entzungo da. Berarekin Chefa Alonsok (haize eta perkusio musika tresnak) eta Jorge Fríasek (kontrabaxua) arituko dira.

Azkenik, eta beste hitzordu interesgarriren artean, nabarmentzekoa da Harkaitz Cano, Karmelo Iribarren eta José Fernández de la Sota poetek, egingo duten Cuando la ciudad duerme errezitaldia.

Bestelako datuak eskuratu nahi izanez gero, jo programaziora.

Exit mobile version