Gaur, hilak 17, Paul Urkijo Alijoren Gaua filma pantailaratuko du FAS Zineklubak. Hitzordu horrekin batera, XIII KORTeN! saioan, Ekaitz Bertiz zuzendariaren Erreka zoko hortan ikusi ahalko da.
Lanaren sinopsia ezagutuko duzue: Euskal mendiak, XVII. mendea. Sorgin-ehizaren erdian, Kattalin baserritik ateratzen da gauerdian, bere senarrengandik ihesi. Basoaren iluntasunean galduta, presentzia batek jarraitzen duela sentitzen du. Bidean, hiru emakumerekin egiten du topo. Haiek, errekan arropa garbitzen duten bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko zurrumurruak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera ere ipuin horietako parte bihurtuko da.
Filmeko protagonistak Yune Nogueiras, Ane Gabarain, Elena Irureta, Iñake Irastorza, Xabi Lopez, eta Erika Olaizola dira.
Zuzendariak berak honela azaldu zuen proiektuaren jatorria: “txikitatik liluratu naute gure herriko mitologian dauden gauarekin lotutako istorioek. Gazteak iluntasunaren arriskuei errespetua izateko erabiltzen ziren ipuin horien bidez, XVII. mendeko jazarpenen ondorioz sortutako espiritu, deabru eta sorginei buruzko elezahar horiek, gaur egun emakumeen ahalduntzea irudikatzen duten figura bihurtu dira. Betidanik interesatu zaidan gaia da eta Gaua filmarekin pantaila handira modu ikusgarri, beldurgarri eta epikoan eraman nahi ditut. Eszena beldurgarriagoak, baina, aldi berean, gure herrian ahoz-aho transmititu diren gaueko kondairen edertasuna izango dutenak”.
