Bilbao 700 Fundazioak antolatuta, mota guztietako diziplina kulturalak bilduko ditu Gau Zuria ekimenak. Hala, ekainaren 16an, zapatuan, eta laugarren urtez jarraian, 20:30etik eta 02:00etara dozena bat ekitaldiz gozatzeko aukera egongo da.
Literatura, musika, antzerkia eta baita gastronomia arloko saioak atondu dira egun berezi horretarako. Flashmob handi bat ere antolatuko da, publikoak dantzarako duen abilezia frogatu ahal izateko.
Plazako guardasolak, Goyarenak (Granadoak museoan), Murgildu zaitez!, Habanerak, Jazz kontzertua, Gau on, Piazzolla (Tangoa Museoan), Erroetatik (Txalap.art), Umorea eta gastronomia, Gongora eta Lope de Vegaren poesia errezitaldia, Bilbao kantari eta musikari, arkitektura-argiztapenak eta kale-animazioa izango dira hainbat txokotan ikusi eta gozatu ahalko diren ikusgarriak.
Prentsaurreko berean, beste aldetik, Bilbao Flamenko Jaialdia ere aurkeztu da. Ekimena 7an, 8an eta 9an gauzatuko da, Gau Zuria baino lehen. Kalitate handiko jaialdia txikia izango da, izan ere hiru egunez, Miguel Poveda, Manuela Carrasco eta Vicente Amigo artistak pasatuko baitira hemendik. Hiru emanaldiez gain, Bilboko hainbat hoteletan Gauerdi flamenkoak (Trasnoches Flamencos) izeneko saioak egingo dira.
Jaialdia osatzeko Pepe Lamarcaren Argazki flamenkoak argazki-erakusketa egongo da ikusgai, eta Enrique Morenteren omenezko Morenteren liburua (Libro de Morente) proiektu kolektiboa aurkeztuko da.
