Antzerki jaialdia funtsezko tresna da Gasteizen eta Araban arte eszenikoak sustatzeko zereginean. Duela bost hamarkada sortu zenetik, jaialdiak hainbat belaunalditako milaka pertsonari ireki dizkie ateak; ikusle fidel, zorrotz eta aditu horiek orain hiriko antzokiak betetzen dituzte. Gainera, erreferentziazko programa bihurtu da nazioko eta nazioarteko sortzaile askorentzat.
Aurten, abendura bitartean makina bat ikuskizun programatu dira bere 50. edizio honetan. Gaur berton, hilak 20, izango da zertaz gozatu euskaraz Nor naizen baneki piezari esker. “Nor naizen jakingo banu… Ba al dakizu zuk? Jakin nahiko zenuke? Ez al zara damutuko? Onuragarria da geure buruari ikuspegi guztietatik behatzea? Ala beharrezkoak dira puntu itsuak? Posible al da norbere burua ezagutzea, inguruari bizkarra ematen badiogu? Nola jakin zuk diozun horixe zarela? Gurasoen islari begiratuta? Seme-alaben islari? Atzean utzitako aztarnak irakurrita? Nola jakin nor zaren, inguru aldakor batean etengabe aldatzen bazara?”
Lan honek hizpide du antzoki batean egindako indusketa arkeologikoa. Arkeologo eta adituek, geruzaz geruza, antzokiaren historia sekretua aztertuko dute, erromatarren garaitik gaur arte. Hala, azaleratu egingo dira bi mila urtean pilatutako borroka ezagunak, kontu ezezagunak eta lurperatutako traumak. Inkisizioan, Frantziako Iraultzan, Gerra Karlistetan eta 1936ko gerran barneratuko dira ikusleak hainbat gai lantzeko, hala nola familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala.
Harkaitz Canok eta Ximun Fuchsek epopeia bat idatzi dute, estetikoki monoteismotik askatuz eta historia garaikidearekin uztartuz. Oholtza gainean zazpi antzezle izango dira: Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga. Pieza oso proposamen landua da, eta kantua eta dantza ere garrantzitsuak izango dira bertan.
