Gasteizko Antzerki Jaialdiak gaur berton zabalduko ditu bere ateak, eta azaroaren 28ra arte luzatuko da. Ekimenaren 46. edizioan 35 ikuskizun antolatu dira.
Aurtengo edizioan, Antzerki Jaialdiak bere nortasunaren ezaugarriak berreskuratu nahi ditu, osasun egoerak hoberantz egin baitu. Aktore talde handiak hartuko du parte pieza ezberdinetan: Aitana Sanchez Gijon, Belen Cuesta, Guillermo Toledo, Ana Fernández, Fernando Cayo, Loreto Mauleon eta Alba Flores arituko dira. Horrez gain, ospe handiko antzerkigileek bisitatuko dute hiria, esaterako Andres Lima, Juan Mayorga edota Pablo Messiez.
Alesix Michalik Frantziako zuzendariaren Una historia de amor lanaren estreinaldiarekin hasiko da jaialdiaren 46. edizioa, urriaren 10ean. Baina data hori heldu baino lehenago, eta aurreko batean aipatu genizuen bezala, gaur, irailak 30, Sleepwalk Collective, Proyecto Larrua, Parasite Kolektiboa eta Tripak Arabako konpainiek sortutako Plató ikuskizuna estreinatuko da Gasteizko Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian, 19:30ean.
Gasteizen egoitza duten lau konpainien arteko lankidetzaren ondorioz sortu da pieza, eta Unai Lopez de Armentiaren zuzendaritzapean, Marina Suarez, Iara Solano Arana, Hannah Frances Whelan, Aritz Lopez, Helena Wilhelmsson, Unai Lopez de Armentia, Samuel Metcalfe eta Danel Ibisate arituko dira oholtza gainean.
Obra hori Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian izango da urriaren 1, 2, 3 eta 6, 7,8, 9an.
Beste lan interesgarri bat, Maria Goiricelayak zuzendutako La Dramática Errante-ren Altsasu antzezlana da, azaroaren 11n ikusi ahalko dena, Principal antzokian.
Zuhaitzak landatzen zituen gizona ikuskizuna ere programan izango da 24an. Antzezlan horren sinopsia honakoa da: “bakardadean bete-betean sartuta dauden bi gizon ikusiko ditugu beren buruekin adiskidetzen. Bat artzaina da, eta gogor egingo du lan bizileku duen basoa berritu eta lurra salbatzeko. Bestea bere buruaren bila ari den gazte bat da, borondatea eta eskuzabaltasuna erresilientziarako tresna ezin hobeak direla deskubrituko duena. Atzean, Europaren historiako gorabeherak, bi mundu-gerrak, kontzientzia ekologikoaren sorrera, politikaren diskurtso hutsala…”.
Off Local zikloa, urriaren 21,22, 23, eta 24n izango da, eta data horietan Piszifaktoria Laborategia, La Claqueta, eta Arrapala arituko dira, eta azaroaren 11,12, 13, eta 14an, El Mono Habitado, Kolectivo Monstrenko eta Ékoma Teatro.
Haziaraba In The Mapping izeneko saila bidean jarriko da, eta Leihoak, La luna en un cazo, Espera un minuto, Susurros del bosque eta Früh Stück ikusgarriak bilduko ditu.
Tokiak, ordutegiak, eta bestelakoak hemen kontsultatu ahal dituzue.