Nontzeberri

Gasteizeko “Butaka Txikia” programa amaitzear

Gasteizko gizarte-etxeetan, haur eta familientzako Butaka Txikia programa garatzen ari da. Bada programa hori asteburu honetan amaituko da.

Butaka Txikia arte eszenikoen programa abenduaren 26an abiatu zen Historia de un bául lanarekin.
Abenduaren 28 Arrainak bihotzean euskarazko pieza izan zen. Mar-Mar Teatroren pieza horretan hauxe kontatzen da: Martik ez daki non bizi diren beldurrak, hortaz lasai bizi da kresal usaina duen herri polit batean. Aita marinela du eta portuan, bere zain dagoen egun gris batean, ekaitz batek uretara jaurtitzen du. Nahitaezko bidaia hasiko du itsas hondoan zehar, horretarako arrainen eta beldurren hizkuntza ikasi behar badu ere.

Gaur, hilak 3, Anita Maravillas taldeak ere beste pieza bat eskainiko du euskaraz: Andereño. Haurrentzako eta familientzako txotxongilo-ikuskizuna da, irakasle baten eta bere eskola txikiaren istorioa kontatzen duena, maitasunetik eta elkarren zaintzatik eraikitako eskolarena, alegia. Anita Maravillasen txotxongiloek estetika zaindua dute, edertasunaren gaia funtsezko adierazpide gisa ulertzen baitu, mugimendua zainduz, bere bizitza-ilusio delikatua lortzeko.

Eta diogun moduan, azken antzezlana, Ta izenekoa, urtarrilaren 4an egingo du Escena Miriñaque taldeak, 2024an Haur eta Gazteentzako Arte Eszenikoen Sari Nazionala jaso zuenak. Istorio horretako pertsonaia dibertigarriek adiskidetasun harremana garatuko dute jolasaren bidez. Ikuskizunaren amaieran haurrak baso batean sartzera gonbidatuak izango dira, oso modu berezian; dantza eginez.

Informazio gehiago: Butaka Txikia.

Exit mobile version