Nontzeberri

Gasteiz Nazioarteko Antzerki Jaialdian murgilduta dago

Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 49. edizioa bidean da, eta aurten, 37 ikuskizun eskainiko dira, urrian, azaroan eta abenduaren erdira arte. Gainera Ibaiondo gizarte-etxeko Félix Petite, Jesús Ibáñez de Matauco (Hegoalde gizarte-etxea) eta Federico García Lorca (Lakua gizarte-etxea) antzokietan beste 10 ikuskizun eskainiko dira.

Emanaldi horiek honela banatu daitezke: nazioarteko 6 ikuskizun (Argentina, Urugai, Frantzia, Eslovenia, Italia eta Norvegiatik etorritakoak), 6 euskaraz, 5 dantza eta beste lengoaia batzuk, 8 proposamen familiarentzat eta haur txikientzat, eta abar luze bat. Erabateko 3 estreinaldi izango dira.
Eta hemengo lanek ere protagonismoa hartuko dute, izan ere, 18 euskal proposamen antolatu dira, horietako bi erabateko estreinaldiak, hala nola, Arabako Pez Limbo taldearen Ilargiaren Alabak eta Ékoma Teatro konpainiaren Lohi Gorria. Bizkaitik Ganxo & Cía eta Erre Produkzioak izango dira han, eta Kulunka gipuzkoarrak Hegoak obra zoragarria egingo du. Led Silhouette nafarrek Halley dantza garaikideko azken lana ere erakutsiko dute, eta Off Lokal  berezia izango da, orain arte sortutako lan eszenikorik onenak berreskuratuko baititu.

Hain zuzen ere, gaur berton, urriak 29, aipaturiko estreinaldi horietariko  bat ikusteko abagunea izango da: Ilargiaren alabak, Pez Limboren taldearena. 19:30ean hasiko da Jesús Ibañez de Matauco Antzokian.
Ilargiaren alabak lanak “bidaia zikliko bat egitera gonbidatuko gaitu, emakume guztien bizitzan barrena. Une intimo, dibertigarri, etsigarri eta atsekabetuak uztartzen dira bertan, sentiberatasunez, baina, aldi berean, gordintasun guztiarekin ere bai. Existentziaren faseei buruzko kontakizun berri bat osatzeko ahalegina da, iruditeria kolektiboan iraun dezan, gure iragan hurbileneko emakumeen lekukotasunak begirada berri eta errukitsu batekin berriro jaso ditzan, eta, aldi berean, gure egunerokotasuneko ohiko eszenetan barnera dadin. Ikuskizun zoragarri, zirraragarri eta delikatua da, hainbat lengoaia eszeniko uztartzen dituena, lanabes hartuta gorputzak, hitzak, poesia, sinboloak eta musika.
Pez Limbo konpainiaren muntaia berri hau emakumeek sentitu, diseinatu eta sortu dute, publikoaren erraiak astintzeko asmoz”.

Eguneroko programazioaren gaineko xehetasunak: Nazioarteko Antzerki Jaialdia.

Exit mobile version